DISEINATUA IZAN AL ZEN?
Txikoria belarraren haziaren hegaldia
Txikoria belarraren haziak naturako hegalari onenen artean daude. Haizeak txikoria belarraren burua jotzen duenean, dozenaka hazi txiki airean flotatzen hasten dira jausgailu edo paraxut txikien antzera. Nahiz eta lurretik hurbil aireratu, hauetako batzuek kilometro bat edo gehiagoko hegaldiak egin ditzakete. Zergatik egin dezakete hegan hain distantzia luzez? Duela gutxi zientzialariek honen arrazoia aurkitu dute: erabiltzen duten hegan egiteko modua paraxutarena baino egonkorragoa eta lau aldiz efizienteagoa da.
Pentsatu honetan: Hazi bakoitza kardilaun izeneko landare-ile multzo bati lotuta dago filamentu baten bitartez. Kardilaunak jausgailu edo paraxut baten antzera jokatzen du haziari hegan egiten lagunduz.
Baina landare-ileek zerbait gehiago egiten dute hazia airean mantentzen laguntzeko. Aireak, landare-ile hauen artean eta inguruan pasatzean, bortize bat sortzen du kardilaunaren gainetik. Bortizearen barruan airea zirkuluak osatuz mugitzen da presio baxuko zona bat sortuz. Honek kardilauna gorantz bultzatzen du eta honi esker ez da lurrera azkar erortzen.
Beraz, ondo antolatutako landare-ile hauei esker, kardilaunak paraxut iragazkor baten antzera funtzionatzen duela esan dezakegu, baina hau baino efizienteagoa eta egonkorragoa izanik. Are gehiago, kardilaunaren % 90a hutsik dago! Hortaz, oso material gutxi erabiltzen du.
Zientzialariak txikoria belarraren haziaren hegan egiteko modua kopiatzen ahalegintzen ari dira. Informazio hau energia gutxirekin edo batere energiarik gabe funtzionatzen duten dron txikiak diseinatzeko erabili daiteke, modu honetan energiaren erabilera murriztuz. Dron hauek erabilera desberdinak izan ditzakete, hauen artean, airearen kutsadura aztertzea.
Ikusi txikoria belarraren hazien hegaldia
Zer uste duzu? Txikoria belarraren haziak duen hegan egiteko modu efizientea ustekabean sortu zen edo diseinatua izan zen?