Saltatu edukira

BIBLIAK BIZITZAK ALDATZEN DITU

«Ez naiz jadanik gizon bihozgabea»

«Ez naiz jadanik gizon bihozgabea»
  • Jaiotze-urtea: 1973

  • Jatorrizko herrialdea: Uganda

  • Historia: mozkorti indarzale eta ezmorala

NIRE IRAGANA

 Ugandan, Gomba distrituan, jaio nintzen. Bertan, gehienak oso pobreak ziren. Gure herrian elektrizitaterik ez zegoenez, gauean eskuzko olio-lanparak erabiltzen genituen.

 Nire gurasoak nekazariak ziren eta Ruandatik Ugandara joan ziren bizitzera. Kafea eta bananak landatzen zituzten eta bananekin waragi izeneko likore ezagun bat egiten zuten. Gainera oiloak, ahuntzak, txerriak eta behiak hazten zituzten. Nire kultura eta heziketaren eraginez, emaztea beti bere senarraren esaneko izan behar dela eta ez duela inoiz bere iritzia eman behar uste nuen.

 23 urte nituenean Ruandara joan nintzen bizitzera eta bertan diskotekatara joaten nintzen nire adineko beste batzuekin. Diskoteka hauetako batera askotan joaten nintzenez zuzendaritzak doan sartzeko txartel bat eman zidan. Asko gustatzen zitzaizkidan borrokak eta biolentzia handia erakusten zuten pelikulak. Nire ingurugiro eta entretenimenduaren eraginez mozkorti indarzale eta ezmorala bihurtu nintzen.

 2000. urtean Skolastique Kabagwira izeneko emakume gazte batekin bizitzen hasi nintzen eta hiru seme-alaba izan genituen. Gaztetatik ikasi nuen moduan, Skolastique-k agurtu edo zerbait eskatzen zidan bakoitzean nire aurrean belaunikatu behar zela espero nuen. Familiaren ondasunen jabea ni nintzela eta nik nahi nuen moduan erabili ahal nituela uste nuen ere. Gau askotan etxetik irteten nintzen eta goizeko hirurak aldera itzultzen nintzen, gehienetan mozkorturik. Atea jotzen nuen eta denbora asko pasatzen bazen Skolastique-k atea ireki arte, jo egiten nuen.

 Garai hartan, segurtasun pribatua eskaintzen zuen enpresa batean egiten nuen lan gainbegirale gisa eta soldata on bat irabazten nuen. Skolastique-k eliza mendekostalera berarekin joateko konbentzitu nahi ninduen, horrek dudarik gabe aldatuko ninduela pentsatuz. Baina nik ez nuen bere elizara joan nahi. Horren ordez, beste emakume batekin hasi nuen harremana. Nire jokaera bihozgabe eta ezmoralaren ondorioz, Skolastique-k gure hiru seme-alabak hartu eta bere gurasoen etxera joan zen bizitzera.

 Adineko gure lagun batek nire bizimoduari buruz hitz egin zidan. Skolastique-rengana itzultzera animatu ninduen. Nire seme-alaba ederrek aitarengandik aldendurik bizitzea ez zutela merezi esan zidan. Beraz 2005⁠ean edateari utzi, beste emakumearekin nuen harremana amaitu eta Skolastique-rengana itzuli nintzen. 2006⁠an ezkondu ginen. Baina oraindik ere, nire emaztearekin indarzale eta zakarra izaten jarraitzen nuen.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN

 2008. urtean Joel izeneko Jehobaren lekuko batek gure etxeko atea jo zuen eta bere mezua entzun nuen. Hilabete batzuetan zehar, bera eta Bonaventure izeneko beste Lekuko bat bisitan etortzen ziren eta Bibliari buruz hitz egiten genuen. Galdera asko egiten nizkien, bereziki Apokalipsia liburuari buruz. Lekukoak oker zeudela frogatu nahi nuen. Adibidez, Apokalipsia 7:9⁠an aipatzen den gizatalde handia Lurrean biziko dela zergatik esaten duten galdetu nien, bertsetak Jainkoaren «tronuaren eta bildotsaren [Jesu Kristoren] aurrean zutik» dagoela esaten badu. Joelek pazientziaz erantzun zizkidan galdera guztiak. Adibidez, Isaias 66:1 aipua erakutsi zidan. Bertan Jainkoak Lurra bere oin-aulkia dela esaten du. Beraz, gizatalde handia Lurrean dago Jainkoaren tronuaren aurrean. Eta 37. Salmoa 29 (NW ) aipua irakurri ondoren, zintzoak betirako Lurrean biziko direla ikasi nuen.

 Azkenean, biblia-ikastaroa hasi nuen. Beraz, Bonaventure Biblia irakasten hasi zitzaigun Skolastique eta bioi. Biblia ikasten genuen heinean, nire bizitzan aldaketak egiteko nahia izaten hasi nintzen. Nire emaztea errespetuz tratatzen ikasi nuen. Ez nuen jadanik Skolastique nire aurrean belaunikatzerik nahi ni agurtu edo zerbait eskatzean. Gainera, familiaren ondasunak nireak zirela esateari utzi nion. Honetaz gain, biolentzia erakusten duten pelikulak ikusteari utzi nion. Aldaketa hauek egitea zaila izan zen eta nire pentsamendu eta desira txarrak kontrolatzeaz gain, apala izaten ikasi behar izan nuen.

Bibliak senar hobea izaten lagundu zidan.

 Urte batzuk lehenago, nire seme nagusia, Christian, Ugandara eraman nuen familiartekoekin bizitzera. Baina Deuteronomioa 6:4-7 aipua irakurri ondoren, gurasook Jainkoaren aurrean gure seme-alabak zaintzeko eta Bibliak esaten duena irakasteko ardura dugula konturatu nintzen. Oso pozik geunden gure semea etxera ekarri genuenean.

JASO DITUDAN ONURAK

 Jehoba Jainko errukitsua dela ikasi nuen eta iraganean nuen jarrera eta jokaera barkatu dizkidanaren konfiantza dut. Oso pozik nago Skolastique nirekin batera Biblia ikasten hasi zelako. Jehobari gure bizitzak eskaini genizkion eta elkarrekin bataiatu ginen 2010⁠eko abenduaren 4⁠an. Orain bata bestearengan konfiantza dugu eta familian biblia-printzipioak praktikan jartzea atsegin dugu. Nire emaztea oso pozik dago lanetik zuzenean etxera etortzen naizelako. Asko eskertzen du ere duintasunez eta errespetuz tratatzen dudala, alkohola alde batera uzteko erabakia hartu izana eta ez naizela jadanik gizon bihozgabea. 2015⁠ean arduradun izendatu ninduten gure kongregazioa zaintzen laguntzeko. Gure bost seme-alabetatik hiru bataiatu egin dira.

 Jehobaren lekukoekin Biblia ikasten hasi nintzenean, ez nuen irakasten zidatena onartzen nire kabuz egiaztatu arte. Nire galderak erantzuteko Biblia erabiltzen zutela ikusteak harritu egiten ninduen. Jainkoa benetan zerbitzatzen dutela esaten dutenek bere arau guztiak beti bete behar dituztela ikasi genuen, eta ez komeni zaizkienak bakarrik. Oso eskerturik nago Jehobak berarekin eta bera zerbitzatzen dutenekin harreman estua izaten utzi didalako. Nire bizitzari buruz pentsatzen dudanean, ziur nago Jainkoaren laguntzarekin bera pozteko beharrezkoak diren aldaketak zintzoa den edonork egin ditzakeela.