Gogo onez eskaini zuten euren burua: Guyana
«Hitzek ezin dute deskribatu zer-nolako poza eragin zidan behar handiagoa dagoen lekuan zerbitzatzeak», dio Joshuak. Estatu Batuetan bizi da, baina Guyanan zerbitzatu zuen denbora batez. Hego Ameriketako herrialde honetan pertsona askok ezagutu nahi du Jehoba. a Atzerritik etorri eta behar handiagoa dagoen toki honetan zerbitzatu duten Lekuko askok Joshuak sentitutako poztasuna bizi izan dute ere. Zer ikasi dezakegu berri-emaile hauen ereduaz? Nola lagunduko dizu ikasitakoak atzerrian zerbitzatu nahi baduzu horretarako prestatzen?
Zerk animatu zituen?
Guyanara joan baino lehen, Linel izeneko anaiak gutxitan predikatutako eremu batean zerbitzatu zuen bere jaioterrian, Estatu Batuetan. «20 bat anai-arreba bidali gintuzten Mendebaldeko Virginiako landa zonaldera» aipatzen du. «Bi aste horietan zehar edukitako harreman atseginek eta predikatze-lanak bizitza aldatu zidaten! Jehoba ahalik eta gehien zerbitzatzeko erabakia are gehiago indartu zidan bizitakoak».
Garth eta Erica izeneko bikote batek atzerrian zerbitzatzea ondo pentsatu ondoren, Guyanan zerbitzatzea erabaki zuten. Zein izan zen arrazoia? «Nire senarrak eta biok hara joan ziren bikote bat ezagutzen genuen», azaltzen du Ericak. «Beraien gogo biziak eta egiten ari zirenaren maitasunak hara joatera animatu gintuen». Erica eta Garth hiru urte zoriontsuz egon ziren, haiek esan bezala, «eginkizun maitean». Garthek dio: «Atzerrian zerbitzatzea dastatu eta zein ona izan zen ikusi genuen». Bera eta bere emaztea Galaadeko Biblia-eskolara joan ziren ondoren eta, orain, Bolivian zerbitzatzen dute.
Nola prestatu ziren?
Biblia-printzipioak jarraitzen ditugunean korapilatsua ez den bizitza daramagu (Hebrearrei 13:5). Gainera, erabaki garrantzitsuen ondorioetan pentsatzera animatzen gaituzte biblia-printzipioek (Lukas 14:26-33). Atzerrian zerbitzatzeko erabakia dago barne, noski! Garthek idazten du: «Guyanara joan baino lehen, Ericak eta biok bizitza sinpletu behar izan genuen. Honek negozioa, etxea eta erabiltzen ez genituen gauzak saltzea suposatu zuen. Hainbat urte behar izan genituen horretarako. Bitartean, Guyanan zerbitzatzeko desirari eutsi genion helburua gogoan edukiz eta urtero herrialdea bisitatuz».
Kontuan hartu beharreko beste gauza bat diru-sarrera da. Beharra dagoen herrialde batera aldatu diren berri-emaileek atzerriko herrialde batzuetan lan egin dezakete legeak baimentzen badie. Batzuek lehen egiten zuten lana atzerrian egiten dute ordenagailua erabiliz. Beste batzuek epe laburrez etxera itzultzen dira lana egiteko. Paul eta Sinead izeneko bikote bat Irlandara itzultzen zen urtean behin lana egitera. Beraien ohiturei esker 18 urte pozgarriz Guyanan zerbitzatu ahal izan zuten, beraien alaba jaio eta hurrengo zazpi urteak barne.
37. Salmoa 5ak dio: «Utzi Jaunaren esku zeure zoria, izan konfiantza harengan: berak ekingo dio zure alde». Estatu Batuetako Christopher eta Lorissak askotan egiten zuten otoitz atzerrian zerbitzatzeko zuten helburuari buruz. Gainera, familia-gurtzan, aldaketa arrakastatsua egiteko zer egin aztertu zuten, abantailak eta desabantailak zerrenda batean ipiniz. Hizkuntza berririk ikasi nahi ez zutenez, Guyana aukeratu zuten ingelesa delako hizkuntza ofiziala.
Ondoren, Esaera Zaharrak 15:22an dagoen printzipioaren arabera jokatu zuten: «Plangintzarik gabe egitasmoek porrot, askoren aholkuez arrakasta». Guyanako b jarduerak gainbegiratzen dituen sukurtsalera idatzi zuten noiz joan zitezkeen eta beraiei buruzko datuak adieraziz. Aldi berean, bertako osasun-zerbitzu, klima eta ohiturei buruz galdetu zuten. Sukurtsalak beraien galderak erantzun eta joango ziren zonaldeko arduradun-talde batekin harremanetan jarri zituen.
Lehen aipatutako Linel arduradun-ibiltaria da orain Guyanan. Bertara joan baino lehen, Esaera Zaharrak 15:22ko printzipioa kontuan hartu zuen ere. «Bidaiarako aurrezteaz gain» dio, «atzerrian zerbitzatu zutenekin hitz egin nuen. Nire familiarekin, kongregazioko arduradunekin eta eskualde-arduradunarekin hitz egin nuen gaiari buruz. Gainera, beharra dagoen zonaldeetan zerbitzatzeari buruz argitalpenetan aurkitutako guztia irakurri nuen».
Atzerrian zerbitzatu nahi duten batzuek, lehenik eta behin herrialdea bisitatzeko erabaki zentzuduna hartzen dute. «Guyanara joan ginen lehengo aldian», dio Joseph eta Christina izeneko bikoteak, «hiru hilabetez egon ginen han. Nahikoa izan zen guretzat nolakoa zen ikusteko. Ondoren, etxera itzuli, beharrezko antolaketak egin eta aldaketa egin genuen».
Zer aldaketa egin behar izan zituzten?
Atzerrian Jainkoa arrakastaz zerbitzatzeko sakrifizioak egiteko prest eta bertako egoera eta ohituretara moldatzeko jarrera ona eduki behar da. Adibidez, zonalde hotzetatik tropikaletara aldatzen direnak etxean mota askotako intsektu ugari daudela konturatzen dira askotan. «Ez nengoen hainbeste zomorrotara ohituta», dio Joshuak. «Eta Guyanakoak sekulakoak ziruditen! Baina denborarekin ohitu nintzen. Etxea garbi mantenduz intsektu gutxiago zeudela ikusi nuen. Horregatik zen beharrezkoa platerak garbitu, zaborra bota eta etxea askotan garbitzea».
Beste herrialde batetara moldatzeak ezezaguna den janarira moldatu eta hauek nola prestatu ikastea esan nahi du batzuetan. «Gelakidea eta biok bertako elikagaiak prestatzen irakasteko eskatu genien anai-arrebei», gogoratzen du Joshuak. «Plater bat nola prestatu ikasi ondoren, kongregazioko anai-arreba batzuk gonbidatzen genituen elkarrekin jateko. Elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko era atsegina zen».
Bertako ohiturei buruz, Paul eta Kathleen-ek hurrengoa gogoratzen dute: «Han jokabide egokia zein zen ikasi behar izan genuen. Gainera, zonalde tropikaletan egokiak diren jantzietara moldatu behar izan ginen. Guzti hau erronka handia izan zen guretzat. Apalak izan eta aldaketak egin genituen, biblia-printzipioak kontuan edukiz. Bertako kulturara moldatzeak kongregazioko anai-arrebengana hurbildu gintuen eta gure predikatze-lanean eragin ona izan zuen».
Zer onura eduki zituzten?
Joseph eta Christinak askok duten sentimendua adierazi zuten hau esanez: «Bedeinkapenak erronkak eta zailtasunak baino ugariagoak izan ziren. Guretzat berriak eta zailak ziren gauzak egiteak lehentasunak ezartzen lagundu zigun. Lehen garrantzitsuak ziren gauzek ez zuten hainbeste axola orain. Bizipen bakoitzak Jehobarentzat ahal genuen guztia egiten jarraitzera bultzatu gintuen. Poztasun izugarria izan genuen».
Lehenago aipatutako Ericak dio: «Jehobarengan konfiantza jartzeak zer esan nahi duen ikasi dugu senarra eta biok behar gehiago dagoen herrialdean zerbitzatzean. Jehobaren laguntza inoiz ikusi ez dugun modutan ikusi dugu orain. Gainera, elkarrekin bizipen berriak izateak ezkon-bizitza sendotu digu».