Saltatu edukira

Estutzen al dute Jehobaren lekukoek jendea erlijioz aldatzera?

Estutzen al dute Jehobaren lekukoek jendea erlijioz aldatzera?

 Ez. Izan ere, gure aldizkari nagusian, La Tour de Garde edo La Atalaya, honakoa esan genuen: «Jendea erlijioz aldatzera estutzea gaizki dago». a Ez dugu jendea estutzen ondorengo arrazoiengatik:

  •   Jesusek ez zuen inoiz jendea estutu bere irakaspenak onartzera. Izan ere, bazekien gutxik erantzungo ziotela bere mezuari (Mateo 7:13, 14). Bere jarraitzaileetariko batzuek berak esandakoa onartu ez zutenean, joaten utzi zien gelditzera behartu beharrean (Joan 6:60-62, 66-68).

  •   Jesusek honakoa irakatsi zien bere jarraitzaileei: inor ez behartzea dituen sinesmenak aldatzera. Jendea gogoz kontra Erreinuaren berri onak onartzera estutu beharrean, bere jarraitzaileak entzuteko prest zegoen jendea aurkitzen saiatu ziren (Mateo 10:7, 11-14).

  •   Behartutako erlijio aldaketak zentzugabeak dira, Jainkoak bihotz-bihotzeko adorazioa bakarrik onartzen baitu (Deuteronomioa 6:4, 5; Mateo 22:37, 38).

Jarraitzaileak egin nahi al dituzte Jehobaren lekukoek kosta ahala kosta?

 Egia da Bibliaren mezua «lurraren bazterreraino» zabaltzen dugula eta, Bibliak agindu bezala, «jendaurrean eta etxez etxe predikatu eta irakatsi» egiten dugula (Eginak 1:8; 10:42; 20:20). Lehenengo kristauen antzera, gure erlijioa inposatzeaz akusatzen gaituzte batzuetan (Eginak 18:12, 13). Hala ere, salaketa hauek faltsuak dira. Ez dugu inor behartzen gure sinesmenak izatera. Aitzitik, jendeak Bibliari buruzko ezagutza izan behar lukeela uste dugu, honela jakinaren gainean erabaki dezan.

 Beraz, ez dugu jendea erlijioz aldatzera behartzen, ez dugu erlijioaren izenean inongo jarduera politikorik bultzatzen, ezta diru-laguntza edo gizarte-laguntzarik eskaintzen ere jarraitzaile berriak egiteko asmoz. Hortaz, kristauak direla aldarrikatu baina, era berean, gauza hauek eginez, Kristo lotsarazten dutenekin kontrajarrian gaude. b

Ba al du jendeak erlijioz aldatzeko eskubiderik?

Abraham profetak bere senitartekoen erlijioa utzi zuen

 Bai, Bibliak jendeak erlijioz aldatzeko eskubidea duela azaltzen du. Izan ere, beraien senideen erlijioa ez jarraitzea aukeratu zuen jende asko aipatzen du, benetako Jainkoa adoratzea askatasunez hautatuz. Honen adibide dira Abraham, Rut, hainbat atenastar eta Paulo apostolua, besteak beste (Josue 24:2; Rut 1:14-16; Eginak 17:22, 30-34; Galaziarrei 1:14, 23). Honetaz gain, jendeak benetako adorazioa uzteko eskubidea duela onartzen du Bibliak, nahiz eta hau erabaki zentzugabea izan (1Joan 2:19).

 Erlijioz aldatzeko eskubidea Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak babesten du. Nazio Batuak «nazioarteko giza eskubideen legearen oinarria» deitu dio honi. Dokumentu honek, pertsona orok «erlijioa eta sinismena aldatzeko askatasuna» duela dio, baita «ikerketak egitekoa eta informazioa eta eritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso eta zabaltzekoa» ere. Noski, honek erlijio ideiak ere barne ditu. c Jakina, eskubide hauek izateak, besteen eskubideak errespetatzea ere dakar. Beraz, besteek euren sinesmenak mantentzeko eskubidea dute, baita ados ez dauden ideiak baztertzekoa ere.

Iraintzen al du familia erlijioz aldatzeak?

 Ez du zertan honela izan beharrik. Bibliak, jende guztia errespetatzera animatzen gaitu, zein erlijio duen axolarik izan gabe (1Pedro 2:17). Gainera, Jehobaren lekukook gurasoak ohoratu behar ditugula esaten duen biblia-agindua betetzen dugu, nahiz eta beraiek sinesmen ezberdinak eduki (Efesoarrei 6:2, 3).

 Hala ere, jende guztia ez dago ados Bibliak dioenarekin. Zambian hazitako emakume batek honakoa esaten du: «Nire komunitatean erlijioz aldatzea [...] desleialtasuntzat jotzen da, komunitate eta familiari traizio egitea». Emakume hau egoera honekin topatu zen gaztea zenean, Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi eta erlijioz aldatzea erabaki zuenean, alegia. Honela dio: «Nire gurasoek behin eta berriz esaten zidaten huts egin niela eta atsekabetu egin nituela. Egoera oso zaila izan zen, gurasoen oniritzia oso garrantzitsua baita niretzat. [...] Erlijio-ohiturak jarraitu beharrean Jehobari leial izatea aukeratzeak ez du esan nahi nire familiari desleiala naizenik». d

a Jo ezazu La Tour de Garde edo La Atalayaren 2002ko urtarrilaren 1eko alera, 12. or., 15. para.

b Ikus itzazu adibide batzuk: Karlomagnok, K.o. 785. urtearen inguruan, kristau izateko bataiatu nahi ez zuten Saxoniako biztanleak heriotzara zigortu zituen ediktu baten bidez. Kristo ondorengo 1555. urtean, Germaniako Erromatar Inperio Santuan gerran zeuden alderdiek Augsburgeko bakea sinatu zuten. Itun honetan, lurralde bakoitzeko agintaria katolikoa edo luteranoa izan behar zuela eta bere agindupean zegoen edonork bere erlijioa onartu behar zuela erabaki zen. Agintariaren erlijioa onartzen ez zuenari, atzerrira joatera behartzen zitzaion.

c Antzerako eskubideak azaltzen dira ondorengo adierazpenetan: Giza Eskubideen eta Herrien Eskubideen Afrikako Gutuna, Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpen Amerikarra, 2004ko Giza Eskubideen Gutun Arabiarra, Asiako Hego-ekialdeko Elkartearen Giza Eskubideen Aldarrikapena, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna. Hala ere, honelako eskubideak babesten dituztela aldarrikatzen dituzten nazio batzuek, eskubide hauek ezartzerako garaian ez dute hartutako konpromezua betetzen.

d Bibliak, Jehoba benetako Jainkoaren izena dela dio.