Zer trebakuntza jasotzen dute Jehobaren lekukoek predikatzeko?
Jehobaren lekukoek bizitzako arlo guztietarako trebakuntza jasotzen dute, euren predikazio publikoa barne. Izan ere, hau da Jesusek bere jarraitzaileei agindu zien lana: Jainkoaren Erreinuaren berri onak predikatzea eta irakastea (Mateo 24:14; 28:19, 20). Trebakuntza hau asteroko bileretan eta urteroko biltzarretan jasotzen dugu. Gainera, kongregazioan eta erakundean ardurak dituztenek Biblia eskola berezietan trebakuntza gehiago jasotzen dute.
Artikulu honetan honakoa ikusiko duzu:
Zer trebakuntza jasotzen dute Jehobaren lekukoek?
Kongregazioko bilerak. Astero bi bilera izaten ditugu gure bilera aretoetan. Normalean bileretako bat aste barruan izaten da eta bestea asteburuan. Bilera hauetara edonor joan daiteke eta ez da diru bilketarik egiten.
Aste barruko bilera. Bilera honetan, irakurtzeko, elkarrizketak izateko, publikoan hitz egiteko, predikatzeko eta irakasteko trebakuntza jasotzen dugu. Trebakuntza hau hitzaldien, aurkezpenen, bideoen eta galdera erantzunen bidez izaten da. Honek, Bibliaren mezua besteei zabaltzeko eta interesa dutenekin Biblia aztertzeko trebatzen gaitu. Trebakuntzak bileretara joaten den edonori laguntzen dio. Honen guztiaren gainetik, gure bilerek Jainkoarengan dugun fedea, eta berari eta gure anai-arrebei diegun maitasuna sendotzen laguntzen digute.
Asteburuko bilera. Bilera honek bi atal ditu. Lehenengo, Lekukoak ez direnentzat bereziki prestatuta dagoen Biblian oinarritutako hitzaldia ematen da. Ondoren, galdera erantzunen bitartez Talaiaren a ikasketarako edizioaren artikulu bat aztertzen da. Artikulu hauetan, predikazioan eta gure eguneroko bizitzan laguntzen diguten Bibliari buruzko gaiak eta Biblia printzipioak aztertzen dira.
Biltzarrak. Urtero hiru bilera handi izaten ditugu eta bakoitzean hainbat kongregazio biltzen dira. Ekitaldi alai hauetan, Biblian oinarritutako gai baten inguruan hitzaldiak, antzezpenak, elkarrizketak eta bideoak aurkezten dira. Gure kongregazioko bilerek bezala, biltzarrek Biblia hobeto ezagutzen, eta berriemaile eta irakasle hobeak izaten laguntzen digute. Biltzarretara ere edonor joan daiteke eta bertan ez da diru bilketarik egiten.
Jehobaren lekukoentzako Biblia eskolak
Jehobaren lekuko batzuei trebakuntza berezia jasotzeko Biblia eskola batzuetara gonbidatzen zaie. Zeintzuk dira eskola hauek? Zein da hauen helburua eta iraupena? Nortzuk joan daitezke?
Aitzindari Eskola
Helburua: Denbora osoko berriemaileak, hau da, aitzindariak b, predikatzeko eta irakasteko trebatzea. Ikastaro honetan, hitzaldiak, antzezpenak, parte hartzeak eta tailerrak daude.
Iraupena: Sei egun.
Nortzuk joan daitezke: Urtebetez aitzindari izan direnei gonbidatzen zaie. Eta azken bost urteetan eskolara joan ez diren aitzindariei ere berriro gonbidatzen zaie.
Erreinuaren Berriemaileen Eskola
Helburua: Esperientzia duten denbora osoko berriemaileei trebakuntza berezia ematea. Ikasleek predikatzeko eta irakasteko dituzten gaitasunak hobetu eta Bibliari buruzko gaiak sakonki aztertzen dituzte. Graduatu asko berriemaile gehiago behar diren lekuetara gonbidatzen dituzte.
Iraupena: Bi hilabete.
Nortzuk joan daitezke: Aitzindari erregularrek eskola honetara joatea eskatu dezakete baldintza batzuk betetzen badituzte. Gainera, beharra dagoen edozein lekutara joateko prest egon behar dira.
Kongregazioko Adindunen Eskola
Helburua: Adindunei c kongregazioan dituzten ardurak betetzen laguntzea. Besteak beste, hobeto irakasten eta anai-arrebak zaintzen, eta hauei eta Jainkoari dieten maitasuna sendotzen laguntzen die (1 Pedro 5:2, 3).
Iraupena: Bost egun.
Nortzuk joan daitezke: Izendatu berriak diren adindunei eta azken bost urteetan gonbidatuak izan ez diren adindunei gonbidatzen zaie.
Eskualde Arduradunen eta Beraien Emazteen Eskola
Helburua: Eskualde arduradunak d trebatzea beraien eginkizunak hobeto bete ahal izateko (1 Timoteori 5:17). Gainera, trebakuntza honek adindun hauei eta beraien emazteei Biblian gehiago sakontzen laguntzen die.
Iraupena: Hilabete bat.
Nortzuk joan daitezke: Izendatu berriak diren eskualde arduradunei eta beraien emazteei gonbidatzen zaie beraien eginkizunean urte betez egon ondoren. Honen ondoren, berriro bost urtero gonbidatzen zaie.
Erreinua Zerbitzatzeko Eskola
Helburua: Adindun eta kongregazioko laguntzaileei e beraien ardurak betetzen laguntzea, momentuko egoerak, joerak eta beharrak kontuan izanda (2 Timoteori 3:1). Eskola hau urte gutxiro izaten da.
Iraupena: Aldakorra, normalean egun bat.
Nortzuk joan daitezke: Eskualde arduradunak, adindunak eta kongregazioko laguntzaileak.
Beteleko Zerbitzarien Eskola
Helburua: Betelen f zerbitzatzen dutenei beraien lana ondo betetzen, eta Jainkoari eta besteei dieten maitasuna sakontzen laguntzea.
Iraupena: Bost egun eta erdi.
Nortzuk joan daitezke: Betelen zerbitzatzen hasten direnei gonbidatzen zaie. Gainera, Betelen zerbitzatzen jarraitzen dutenei eta azkeneko bost urteetan eskolara joan ez direnei berriro gonbidatzen zaie.
Galaadeko Biblia Eskola
Helburua: Ikasleei Biblia sakonki ulertzen eta maitatzen, eta ikasten dutena praktikan jartzen laguntzea (1 Tesalonikarrei 2:13). Espiritualki helduak diren gizon eta emakume hauek eskola honetara joatean, Jehobaren erakundean eta mundu mailako Biblia irakaskuntza lanean erabilgarriagoak egiten dira. Graduatuak eremura edo sukurtsal batera bidaliak izan daitezke, beraien jatorrizko herrialdean edo beste herrialde batean.
Iraupena: Bost hilabete.
Nortzuk joan daitezke: Sukurtsalek aukeratutako denbora osoko berriemaile batzuei eskaera egiteko gonbidatzen diete. Eskola hau Ameriketako Estatu Batuetan izaten da Watchtower Erakundearen Hezkuntza Gunean, Patterson-en, New York-en.
Sukurtsal Batzordekide eta Beraien Emazteentzako Eskola
Helburua: Sukurtsal Batzordeko g kideak sukurtsalaren lana eta sukurtsala arduratzen den herrialde edo herrialdeetako Jehobaren lekukoen jarduera espiritualak gainbegiratzeko trebatzea.
Iraupena: Bi hilabete.
Nortzuk joan daitezke: Jehobaren lekukoen egoitza nagusiak Sukurtsal Batzordeetako kide batzuk aukeratzen ditu eta beraien emazteekin batera gonbidatzen ditu. Eskola hau Watchtower Erakundearen Hezkuntza Gunean, Patterson-en, New York-en, izaten da.
Zein da Jehobaren lekukoek jasotzen duten trebakuntzaren oinarria?
Jehobaren lekukoek jasotzen duten trebakuntza guztiaren oinarria beti Biblia da. Biblia Jainkoak inspiratua dela eta kristau bizitzaren arlo guztietarako hezkuntzarik onena ematen duela sinesten dugu (2 Timoteori 3:16, 17).
Ordaindu behar al dute Jehobaren lekukoek jasotzen duten trebakuntzarengatik?
Ez. Hezkuntza doakoa da. Jehobaren lekukoen jarduerak dohaintza boluntarioei esker egiten dira (2 Korintoarrei 9:7).
a Biblia eta Biblia ikasteko laguntzak, bideoak barne, gure webgunean eskuragarri daude jw.org-n.
b Aitzindari bat bataiatutako Lekuko eredugarri bat da, gizon edo emakumea, hilabetero Bibliako mezua zabaltzen ordu kopuru zehatz bat bete nahi duena.
c Adindunak kristau helduak dira. Hauek Biblia irakatsi, eta Jehobaren herria laguntzen eta animatzen dute. Ez dute beraien lanagatik dirurik jasotzen.
d Eskualde arduradunak astero beraien eskualdeko kongregazio desberdin bat bisitatzen duten denbora osoko berriemaileak dira. Kongregazioko anai-arrebak animatzen dituzte Biblian oinarritutako hitzaldiak emanez eta beraiekin predikatuz.
e Kongregazioko laguntzaileek anai-arrebak laguntzeko hainbat lan eta gauza praktiko egiten dituzte. Era honetara, adindunek denbora gehiago dute irakasteko eta kongregazioa espiritualki zaintzeko.
f Betel, Jehobaren lekukoen sukurtsalei ematen zaien izena da. Bertan dauden denbora osoko berriemaileek sukurtsalaren eremuko Lekukoen jardueren alde lan egiten dute.
g Sukurtsal Batzordeak espiritualki helduak diren hiru anaia edo gehiagok osatzen dituzte.