Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

AURRE EGIN ESTRESARI

Estresari aurre egiteko aholku praktikoak

Estresari aurre egiteko aholku praktikoak

Estresari aurre egiteko, zure osasun fisikoa eta besteak tratatzen dituzun modua kontuan izan behar duzu. Zure helburu eta lehentasunetan ere, hau da, zuretzat benetan garrantzitsuak diren gauzetan, pentsatu behar duzu. Artikulu honek estresari aurre egiteko eta hau arintzeko aholku praktikoak ditu.

Egunean egunekoaz arduratu

«Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura» (MATEO 6:34).

Esanahia: Eguneroko ardurak bizitzaren parte dira. Baina ez gehitu gaurko ardurei biharkoak. Egunean egunekoaz arduratzen saiatu.

  • Estresak antsietatea sortu dezake. Beraz, hurrengoa egiten saiatu: Lehenik, onartu estres pixka bat izatea ezin dugula saihestu. Baina kontrolatu ezin dituzun gauzez kezkatzeak estresatuago sentiaraziko zaitu. Bigarrenik, gogoratu normalean gauzak ez direla imajinatu dugun bezain gaizki ateratzen.

Arrazoitsua izan

«Goiko jakinduria […] arrazoitsua» da (SANTIAGO 3:17NWT).

Esanahia: Ez izan perfekzionista eta ez gehiegi eskatu besteei, ezta zeure buruari ere.

  • Apala izan, helburu arrazoitsuak jarri, eta zure eta zure ingurukoen mugak onartu. Hau eginez gero, zure eta zure ingurukoen estresa gutxitu eta emaitza hobeagoak lortuko dituzu. Gainera, umore ona izaten saiatu. Barre egiten duzunean, baita gauzak gaizki doazenean ere, tentsioa arindu eta umorea hobetzen duzu.

Identifikatu zerk sortzen dizun estresa

«Bereizteko gaitasuna duen gizonak lasaitasuna mantenduko du» (ESAERA ZAHARRAK 17:27NWT).

Esanahia: Sentimendu negatiboek argi pentsatzea zaildu dezakete. Beraz, lasai egoten saiatu.

  • Identifikatu zerk sortzen dizun estresa eta nola erantzuten duzun. Adibidez, estresatuta zaudenean, aztertu zure pentsamenduak, sentimenduak eta jokabidea. Agian, idatzi ere egin ditzakezu. Estresari nola erantzuten diozun jakitean, honi hobeto aurre egiteko gai izango zara. Honetaz gain, zure bizitzan estresa sortzen dizuten gauzak kentzeko moduetan pentsatu. Honek ezinezkoa badirudi, hauen eragina arintzeko moduak bilatu, adibidez, zure eginkizunak eta denbora hobeto antolatuz.

  • Guztioi ez digute gauza berdinek estresatzen bakoitzak gure ikuspuntua dugulako. Beraz, saiatu gauzak beste ikuspuntu batetik begiratzen. Zergatik ez duzu ondorengoa egiten?

    1. Ez zaitez arinegi ibili besteez gaizki pentsatuz. Imajinatu zure aurretik ilaran norbait sartzen zaizula. Edukaziorik gabe jokatu duela pentsatzen baduzu, seguruenik haserretu egingo zara. Horren ordez, hobe da ez duela intentzio txarrarekin egin pentsatzea. Agian hala da!

    2. Egoeraren alderdi onak ikusi. Medikuaren itxarongelan edo aireportuan denbora luzez itxaron behar baduzu, eramangarriagoa egingo zaizu zerbait irakurtzeko, edo lanarekin edo posta elektronikoarekin egunean jartzeko aprobetxatzen baduzu.

    3. Saiatu ikuspegi orokorra izaten. Galdetu zeure buruari: «Arazoak gaur bezain larria izaten jarraituko al du bihar edo hurrengo astean?». Ikasi arazo txikien eta larrien arteko desberdintasuna ikusten.

Ordenatua izaten saiatu

«Egin guztia duintasunez eta ordenaz» (1 KORINTOARREI 14:40).

Esanahia: Bizimodu ordenatua izaten saiatu.

  • Orokorrean, gustuko dugu bizimodu ordenatua izatea. Baina momentuan egin daitezkeen gauzak gerorako uzteak desordena eta estresa sortu dezake. Horren ondorioz, geroz eta eginkizun gehiago izango dituzu amaitu gabe. Zergatik ez dituzu bi aholku hauek jarraitzen?

    1. Ordutegi errealista prestatu eta jarraitu.

    2. Identifikatu eta zuzendu gauzak gerorako uztera eramaten zaituzten jarrerak.

Bizimodu orekatsua izaten saiatu

«Hobe da eskukada bat atseden, bi eskukada lan gogor eta haizeari segika ibili baino» (KOHELET 4:6NWT).

Esanahia: Lanaren zale amorratuek agian ez dute indarrik edo denborarik izango euren lan gogorraren emaitzaz gozatzeko.

  • Izan lanari eta diruari buruzko ikuspuntu errealista. Diru gehiago izateak ez du esan nahi zorion gehiago edo estres gutxiago izango duzunik. Izan ere, kontrakoa gertatu daiteke. Begira zer dioten honako hitzek: «Aberatsak […] bere asean ezin egin lorik» (Kohelet 5:11 [5:12, NWT]). Horregatik, ez gastatu duzuna baino diru gehiagorik.

  • Erlaxatzeko denbora hartu. Atsegin dituzun gauzak egitean, estresa arintzen duzu. Hala ere, entretenimendu pasiboak, besteak beste telebista ikusteak, agian ez dizu gehiegi lagunduko.

  • Ez erabili teknologia neurri gabe. Ez ibili etengabe e-mailak, mezuak edo sare sozialak begiratzen. Ez irakurri lanarekin zerikusia duten e-mailak lanorduetatik kanpo, behar-beharrezkoa ez bada behintzat.

Osasuna zaindu

«Ariketa fisikoak zertxobait laguntzen du» (1 TIMOTEORI 4:8NWT).

Esanahia: Kirola egiteko ohitura izateak osasuna hobetzen du.

  • Ohitura osasuntsuak izaten saiatu. Kirola egiteak zure gorputzari estresaren aurrean erantzun hobea izaten lagunduko dio eta, gainera, umore hobeagoa izango duzu. Elikagai osasuntsuak jan eta otordu guztiak egin. Ziurtatu nahikoa deskantsatzen duzula.

  • Baztertu estresari aurre egiteko «konponbide» kaltegarriak, esaterako, erretzea, drogak hartzea edo alkohol gehiegi edatea. Luzarora, gauza hauek estresa handituko dizute, zure osasuna eta ekonomia kaltetuko baitute.

  • Jo medikuarengana estresa jasanezina egiten bazaizu. Laguntza profesionala eskatzeak ez zaitu lotsarazi beharrik.

Lehentasunak jarri

«Garrantzitsuenak diren gauzez ziurtatu zaitezte» (FILIPOARREI 1:10NWT).

Esanahia: Kontu handiz aztertu zure lehentasunak.

  • Jarri itzazu zerrenda batean zure eginkizunak garrantziaren arabera. Honek inportanteenak diren eginkizunetan arreta jartzen lagunduko dizu. Gainera, zer eginkizun atzeratu, delegatu edo bertan behera utzi dezakezun ikusiko duzu.

  • Astebetez denbora nola erabiltzen duzun aztertu. Ondoren, hau hobeto erabiltzeko moduetan pentsatu. Zure denbora zenbat eta gehiago kontrolatu, orduan eta estres gutxiago izango duzu.

  • Atseden hartzeko denbora antolatu. Etenaldi batek, laburra bada ere, indarberritu egin zaitzake eta estresa arindu ahal dizu.

Bilatu laguntza

«Kezkak gizona bihozgabetzen du, hitz gozoak adore ematen» (ESAERA ZAHARRAK 12:25).

Esanahia: Hitz errukitsu eta atseginek hobeto sentiarazi zaitzakete.

  • Kontatu nola sentitzen zaren lagun ulerkor bati. Konfiantzazko norbaitek gauzak desberdin ikusten lagundu zaitzake, baita bururatu ez zaizun konponbide batean pentsatzen ere. Barrena husteak hobeto sentiarazi zaitzake.

  • Eskatu laguntza. Utzi al dezakezu eginkizunen bat norbaiten eskuetan? Edo bilatu al dezakezu lagunduko zaituen norbait?

  • Lankideren batek estresa sortzen badizu, egoera hobetzen saiatu. Adibidez, goxotasunez eta kontu handiz nola sentiarazten dizun esan diezaiokezu (Esaera Zaharrak 17:27). Horrek ez badu eraginik izaten, pasa al dezakezu denbora gutxiago pertsona horrekin?

Zaindu zure espiritualtasuna

«Zorionekoak dira euren behar espiritualaz jabetzen direnak» (MATEO 5:3NWT).

Esanahia: Gizakiok bizileku bat, janaria eta arropa behar izateaz gain, behar espirituala dugu. Zoriontsuak izateko, behar hori onartu eta ase behar dugu.

  • Otoitza oso lagungarria izan daiteke. Jainkoak zure kezka guztiak berari uzteko esaten dizu, bera zutaz arduratzen baita (1 Pedro 5:7). Otoitz egiteak eta gauza positiboetan pentsatzeak barne bakea emango dizu (Filipoarrei 4:6, 7).

  • Jainkoarengana hurbilduko zaituzten gauzak irakurri. Aldizkari honetan aipatzen diren printzipioak Biblian oinarritzen dira, eta hau gure behar espirituala asetzeko idatzia izan zen. Printzipio hauek «jakinduria praktikoa eta pentsatzeko gaitasuna» izaten ere laguntzen digute (Esaera Zaharrak 3:21NWT). Zergatik ez duzu Biblia irakurtzeko helburua jartzen? Esaera Zaharrak liburua abiapuntu on bat izan daiteke.