Saltatu edukira

FAMILIARENTZAKO LAGUNTZA | GURASOAK

Irakatsi seme-alabei sexuari buruz

Irakatsi seme-alabei sexuari buruz

ERRONKA

Duela hamarkada batzuk, gurasoek euren seme-alabei sexuari buruz hitz egiten lehenak izateko aukera gehiago zituzten. Gainera, haurraren adina eta beharren arabera, gai honi buruzko azalpenak pixkanaka-pixkanaka eman ahal zizkioten.

Baina gaur egun, gauzak aldatu egin dira. «Haurrek mezu sexualak ikusi eta entzuten dituzte txiki-txikitatik, eta hau gero eta ohikoagoa da haurrentzako liburu, pelikula eta programetan», dio The Lolita Effect (M. Gigi Durham) liburuak. Baina egoera berri honek laguntzen ala kaltetzen al die haurrei?

ZER JAKIN BEHARKO ZENUKE?

Sexua leku guztietan dago. Deborah Roffman-ek honakoa dio Talk to Me First liburuan: «Elkarrizketa, iragarki, film, liburu, abesti, telebista programa, mezu, bideojoko, iragarki kartel, eta mugikorren eta ordenagailuen pantailak eduki sexuala duten irudi, hizkera eta intsinuazioz beteta daude. Honen ondorioz, [adoleszenteek, preadoleszenteek eta baita haurrek ere] ziurrenik konturatu gabe pentsatzen dute sexua […] gauzarik garrantzitsuena izan behar dela».

Marketinak eragina du. Publizistak eta dendak haurrentzako arropa sexya saltzen saiatzen dira. Ondorioz, haurrak txiki-txikitatik euren itxura oso garrantzitsua dela pentsatzera iritsi daitezke. «Publizistek haurren joerak ezagutzen dituzte eta honetaz baliatzen dira probetxua ateratzeko. […] Konnotazio sexualak dituzten irudi eta produktu hauek ez daude haurrak sexura bultzatzeko pentsatuta, erostera bultzatzeko baizik» (So Sexy So Soon, Diane E. Levin eta Jean Kilbourne).

Sexuari buruz jakitea ez da nahikoa. Kotxe batek nola funtzionatzen duen jakiteak ez du esan nahi gidari arduratsuak izango garenik. Era berean, haurrek sexuari buruz jakiteak ez du esan nahi arlo honetan erabaki onak hartuko dituztenik.

Ondorioa: Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da zure seme-alabei «ona eta txarra bereizteko gaitasuna» entrenatzen laguntzea (Hebrearrei 5:14NWT).

ZER EGIN DEZAKEZU?

Zure seme edo alabarekin hitz egin. Nahiz eta sexuari buruz hitz egitea eroso ez izan, zure seme-alabekin gai honi buruz hitz egitea zure ardura da (Biblia printzipioa: Esaera Zaharrak 22:6).

Gaiari buruz pixkanaka-pixkanaka hitz egin. Elkarrizketa luze bat izan beharrean, edozein une aprobetxatzen saiatu gaiari buruz hitz egiteko, adibidez, elkarrekin kotxean bidaiatzean edo etxeko zereginetan aritzean. Zure seme edo alabak pentsatzen duenari buruz hitz egiten laguntzeko, bere iritzia ematea erraztuko duten galderak egin. Adibidez, «Gustatzen al zaizkizu mota hauetako iragarkiak?» galdetu beharrean, hurrengoa galdetu ahal diozu: «Zergatik uste duzu publizistek irudi mota hauek erabiltzen dituztela euren produktuak saltzeko?». Bere erantzuna entzun ondoren, honakoa galdetu ahal diozu: «Eta zuk zer pentsatzen duzu?» (Biblia printzipioa: Deuteronomioa 6:6, 7).

Haurraren adina kontuan izan. Haur-eskolan dauden haurrek organo sexualen izen egokiak ikasi ditzakete, baita beraietaz sexualki abusatu nahi dutenengandik nola babesten ikasi ere. Hazten doazen heinean, ugalketari buruzko oinarrizko kontzeptuak irakatsi ahal dizkiezu. Adoleszentziara iristen direnerako, sexua zer den eta Jainkoak honi buruz zer pentsatzen duen hobeto ulertu beharko lukete.

Ondo eta gaizki dagoena irakatsi. Haurra txikia denetik, irakatsi egia esaten, ondo dagoena egiten eta besteei errespetua erakusten. Era horretara, oinarri sendoa izango duzu berarekin sexuari buruz hitz egitean. Bestalde, zuretzat ondo eta gaizki dagoena argi azaldu. Adibidez, ezkondu aurretik sexua izatea gaizki dagoela pentsatzen baduzu, esaiozu. Azaldu ere zergatik dagoen gaizki eta zergatik den kaltegarria. «Gazte batek sexua izateko probabilitate gutxiago izango ditu bere gurasoek hori egitea onartzen ez dutela baldin badaki» (Beyond the Big Talk, Debra W. Haffner).

Eredua jarri. Praktikan jarri haurrei irakatsi diezuna. Esaterako, barre egiten al duzu sexuari buruzko bromak egiten direnean? Janzten al zara modu probokatzailean? Flirteatzen al duzu? Horrelako jokaerek zure seme-alabei irakasten diezunari indarra kenduko liokete (Biblia printzipioa: Erromatarrei 2:21).

Positiboa izan. Sexua Jainkoaren oparia da, eta gizon eta emakume bat ezkonduta daudenean poztasun handia dakarren zerbait izan daiteke (Esaera Zaharrak 5:18, 19). Jakinarazi zure seme edo alabari ezkontzen denean opari horretaz disfrutatzeko aukera izango duela, ezkondu aurretik sexua izateak dakartzan arazo eta kezkarik gabe (1 Timoteori 1:18, 19).