Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

18. IKASKETARAKO ARTIKULUA

Zer egin dezakezu helburu espiritualak jarri eta betetzeko?

Zer egin dezakezu helburu espiritualak jarri eta betetzeko?

«Arduratu gauza hauetaz etsi gabe, guztiek zure aurrerapena argi ikus dezaten» (1 TM 4:15).

sjj 84. KANTA Saia zaitez

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1. Zer-nolako helburu espiritualak jarri ditzakegu?

 BENETAKO kristauok, Jehoba maite dugunez, ematen diogun zerbitzua primerakoa izatea nahi dugu. Kalitate hoberena izan dezan eta barruan dugun guztia eman ahal izateko, helburu espiritualak jarri behar ditugu. Adibidez, kristau ezaugarriak lantzea, Jehoba zerbitzatzeko trebetasunak garatzea eta anai-arrebak zerbitzatzeko moduak bilatzea. b

2. Zergatik egin behar dugu espiritualki aurrera?

2 Zergatik da beharrezkoa espiritualki aurrera egiten jarraitzea? Bereziki, Jehoba poztu nahi dugulako. Berak asko atsegin du gure abileziak bere zerbitzuan erabiltzea. Gainera, gure anai-arrebentzat lagungarriagoak izan nahi dugu (1 Ts 4:9, 10). Berdin dio egian zenbat urte daramagun, denok dugu espiritualki aurrera egiteko beharra. Zer egin dezakegu horretarako?

3. ⁠1 Timoteori 4:12-16 ⁠pasartean ikusten dugun bezala, zer egitera animatu zuen Paulok Timoteo?

3 Paulo apostoluak Timoteori bere lehen gutuna idatzi zionean, gizon gazte hau esperientzia zuen adinduna zen. Hala ere, espiritualki aurrera egitera animatu zuen (Irakurri 1 Timoteori 4:12-16). Bere aholkuan Paulok bi arlo bereizi zituen. Alde batetik, maitasuna, fedea eta biziera garbia bezalako ezaugarriak lantzea eta, bestetik, irakurketa, irakaskuntza eta adorea emateko trebetasunak garatzea. Aholku hori kontuan hartuta, zer helburu arrazoitsu jarri ditzakegu guk? Eta nola zabaldu dezakegu gure zerbitzua? Ikus dezagun.

EZAUGARRI KRISTAUAK LANDU

4. ⁠Filipoarrei 2:19-22 ⁠pasartearen arabera, zer ikusi zuen Jehobak Timoteorengan bera gehiago erabili nahi izateko?

4 Zer ikusi zuen Jehobak Timoteorengan gehiago erabili nahi izateko? Bere aparteko ezaugarri kristauak (Irakurri Filipoarrei 2:19-22). Paulok Timoteo nolakoa zen idatzi zuenean, esandakoagatik umila, leiala, langile ona eta fidagarria zela ikusten dugu. Gainera, maitekorra zen eta anai-arrebez asko kezkatzen zen. Ondorioz, Paulok Timoteo maite zuen eta ziur zegoen ematen zizkion eginkizun zailak ondo beteko zituela (1 Ko 4:17). Era berean, guk ere Jehobari atsegin zaizkion ezaugarriak lantzen ditugunean, gehiago maitatuko gaitu eta kongregazioan gu gehiago erabiltzeko aukera izango du (Sal 25:9; 138:6).

Gehiago landu nahi duzun ezaugarri kristau batean pentsatu (Ikusi 5 eta 6 paragrafoak)

5. a) Nola erabaki dezakezu zein ezaugarri kristau landu? b) Irudian ikusten den bezala, nola lantzen ari da gazteagoa den arreba besteei enpatia erakusteko helburua?

5 Helburu zehatzak jarri. Eskaiozu Jehobari zeure izaera zertan hobetu behar duzun jakiteko laguntza. Gero, ezaugarri zehatz batean pentsatu. Adibidez, handitu al dezakezu enpatia edo anai-arrebei laguntzeko gogoa? Baketsuago eta barkaberago izateko beharra ikusten al duzu? Zertan hobetu dezakezun jakiteko, konfiantzazko lagun bati galdetzea ere ondo egongo litzateke (Es 27:6).

6. Nola landu dezakezu ezaugarri bat?

6 Helburua lortzeko lan egin. Nola? Adibidez, landu nahi duzun ezaugarria ondo-ondo aztertu. Demagun barkaberagoa izan nahi duzula. Ezaugarri hori erakutsi zuten eta ez zutenen adibide asko daude Biblian. Zergatik ez dituzu pasarte horiek irakurtzen eta ikasitakoan hausnartzen? Esaterako, Jesu Kristok gogo onez barkatzen zuen (Lk 7:47, 48). Besteen akatsak ahaztu eta beraien hobetzeko gaitasunean jartzen zuen arreta. Fariseuek aldiz, kontrakoa egiten zuten, «besteak gutxiesten zituzten» (Lk 18:9). Eredu hauetan hausnartu ondoren, pentsatu: «Nolakoa naiz? Zer ikusten dut besteengan? Arreta hobetzeko duten gaitasunean jartzen al dut?». Norbaiti barkatzea kostatzen bazaizu, idatzi zerrenda batean bere ezaugarri onak. Galdetu zeure buruari: «Nola ikusten du Jesusek pertsona hau? Barkatuko al lioke?». Horrelako ikasketa-proiektuek zure pentsaera aldatzen lagundu zaitzakete. Agian hasieran, zaila egiten zaizu mindu zaituen norbaiti barkatzea. Baina horretan gogor lan egiten jarraitzen baduzu, denborarekin barkaberagoa izatea lortuko duzu.

JEHOBA ZERBITZATZEKO TREBETASUNAK GARATU

Zergatik ez duzu bilera-aretoko mantenimendua nola egiten den ikasten? (Ikusi 7. paragrafoa) e

7. ⁠Esaera Zaharrak 22:29 ⁠aren arabera, nola erabiltzen ditu Jehobak langile trebeak gaur egun?

7 Izan dezakegun beste helburu bat Jehobaren zerbitzuan praktikoa den trebetasunen bat garatzea da. Adibidez, Beteleko instalazioak nahiz biltzar eta bilera-aretoak eraikitzen anai-arreba askok egiten dute lan. Hauetako askok esperientzia handia duten eta langile finak diren fedekideen ondoan egonez ikasi dute. Irudian ikusten den bezala, anaia eta arreba askok aretoak mantentzen ikasi eta lanean laguntzen dute. Horrelako gauzak eginez, Jehoba, «Gizaldien Erregea», eta Jesu Kristo, «erregeen Erregea», gauza ikaragarriak lortzen ari dira langile trebe hauen lanari esker (1 Tm 1:17; 6:15; Irakurri Esaera Zaharrak 22:29). Geure trebetasunak eta lan gogorra Jehoba goresteko erabili nahi ditugu, ez geure burua goratzeko (Jn 8:54).

8. Nola erabaki dezakezu zertan hobetu?

8 Helburu zehatz bat aukeratu. Zertan hobetu dezakezu? Galdegiezu kongregazioko adindunei eta agian eskualde-arduradunari zer gaitasun landu dezakezun. Esate baterako, hitz egiteko edo irakasteko gaitasunen bat hobetu behar duzula esaten badizute, galdetu iezaiezu zehatz-mehatz zertan hobetu behar duzun. Gero, hobetzeko, ekin lanari. Nola egin dezakegu hau?

9. Nola lortu dezakezu trebetasunen bat lantzea?

9 Zure helburua lortzeko lan egin. Imajinatu irakasten trebeagoa izan nahi duzula. Hobetu zure irakurketa eta irakaskuntza liburuxka goitik behera aztertu dezakezu. Aste barruko bileran zereginen bat baduzu, bileran aurkeztu baino lehen, gaitasuna duen anaia bati entzuteko eta hobetzeko aholkuak emateko eskatu. Izen ona irabazi langilea, arduratsua eta fidagarria izanez, ez trebea izanez bakarrik (Es 21:5; 2 Ko 8:22).

10. Nola hobetu daiteke gaitasun bat? Kontatu bizipen bat.

10 Zer gertatzen da berez ona ez zaren zerbaitetan hobetzeko helburua baduzu? Ez etsi eta lanean jarraitu! Garry izeneko anaia batek, kongregazioan irakurtzean, gaizki pasatzen zuen irakurtzea asko kostatzen zitzaiolako. Hala ere, gogor jarraitu zuen lanean. Gaur egun kongregazioetan eta biltzarretan hitzaldiak emateko gai da!

11. Timoteoren antzera, zerk lagunduko gaitu Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko prestatuago egoten?

11 Iritsi al zen Timoteo hizlari edo irakasle bikaina izatera? Bibliak ez du esaten. Baina, zalantzarik gabe, Pauloren aholkua jarraituz bere eginkizunak geroz eta hobeto bete ahal izango zituen (2 Tm 3:10). Guk ere gure gaitasunak lantzen baditugu, Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko prestatuago egongo gara.

BESTEAK ZERBITZATZEKO MODUAK BILATU

12. Zertan lagundu dizute anai-arreba askok?

12 Besteek gu laguntzeko gauza asko egiten dituzte. Adibidez, zenbat eskertzen dugun ospitalean gaudela, Ospitale harremanetarako batzordeko edo Gaixoak bisitatzeko taldeko adindun bat bisitan etortzea! Une latzak pasatzen ari garenean, asko eskertzen dugu adindun batek bere denbora hartzea gu entzun eta kontsolatzeko. Edota biblia-ikastaro bat zuzentzen ari bagara, zenbat estimatzen dugun esperientzia handiko aitzindari bat gurekin etorri eta ikastaroa zuzendu dugun moduari buruz aholkuak ematea. Horrelako anai-arrebek poz-pozik laguntzen digute. Guk ere poz handia sentitu dezakegu besteak laguntzen baditugu. Izan ere, Jesusek esan zuen bezala, «zorion gehiago du emateak hartzeak baino» (Eg 20:35). Beraz, aipatutako arloetan edo beste batzuetan gehiago lagundu nahi baduzu, nola lortu dezakezu zure helburua?

13. Helburuak jartzean, zer izan behar dugu kontuan?

13 Kontuz helburu orokorregiak jartzearekin. Adibidez, «kongregazioan gehiago egin nahi dut» pentsatzen badugu, oso zaila izango zaigu helburu hori betetzea. Zergatik? Ez dugulako betetzeko zer egin behar dugun jakingo. Gainera, inoiz ezin izango dugu bete dugun ala ez jakin. Beraz, jarri ditzagun helburu zehatz eta argiak. Horretarako, duzun helburua eta lortzeko plangintza idatziz jarri dezakezu.

14. Helburuak jartzerakoan, zergatik izan behar dugu moldakorrak?

14 Helburuak zehaztean, izan gaitezen moldakorrak. Zergatik? Ezin dugulako gure egoera guztiz kontrolatu. Hau ulertzeko, gogoratu dezagun Paulori gertatu zitzaiona. Tesalonikan kongregazio berri bat sortzen lagundu zuen. Bere helburua, anai-arreba berriak indartzeko han geratzea zen. Baina, oposizioaren ondorioz, hiritik ihes egin behar izan zuen (Eg 17:1-5, 10). Han geratu izan balitz, anai-arreben kalterako izango zen, hauek arriskuan jarriko baitzituen. Baina Paulok ez zuen etsi; egoera berrira moldatu zen. Beranduago, Timoteo bidali zuen fedekide berriak indartzera (1 Ts 3:1-3). Zein pozik egongo ziren tesalonikarrak Timoteo beharra zegoen tokira joateko prest egon izanaz!

15. Zer eragin izan dezakete egoera aldaketek gure helburuetan?

15 Paulok Tesalonikan izan zuen bizipenetik asko ikasi dezakegu. Agian, eginkizun zehatz batean pentsatzen ari gara, baina gure kontrolpean ez dagoen egoera batek ez digu betetzen uzten (Koh 9:11). Orduan, eskura daukagun beste helburu bat jartzeko prest egon behar dugu. Horixe da Ted eta Hiedi izeneko bikote bati gertatu zitzaiona. Osasun arazo baten ondorioz, Betel utzi behar izan zuten. Baina, Jehoba maite zutenez, beraien zerbitzua zabaltzeko beste modu batzuk bilatu zituzten. Horretarako, aitzindari erregularrak izatea erabaki zuten. Gero, aitzindari berezi izendatu zituzten eta Tedek eskualde-arduradunaren ordezko izateko prestakuntza jaso zuen. Baina orduan, eskualde-arduradun izateko adin muga aldatu egin zen. Ted eta Hiediren helburua ez zegoen beraien eskutan. Pena handia sentitu arren, bazekiten Jehoba beste modu batzuetan zerbitzatzen jarraitu zezaketela. Tedek dio: «Oso baliotsua den zerbait ikasi dugu: ez dugula zerbitzu mota bakarrera mugatu behar».

16. Zer ikasten dugu ⁠Galaziarrei 6:4 ⁠tik?

16 Ezinezkoa da bizitzan gertatzen zaizkigun gauza guztiak kontrolatzea. Ez dezagun pentsatu gure balioa ditugun eginkizunen araberakoa denik eta ez gaitezen gure eginkizunak besteek dituztenekin konparatzen ibili. Hiedik horrela laburbiltzen du: «Gure bizitzan gertatzen dena besteen bizitzan gertatzen denarekin konparatzen badugu, akabo gure zoriona» (Irakurri Galaziarrei 6:4). Garrantzitsua da besteak laguntzeko eta Jehoba zerbitzatzeko moduak bilatzea. c

17. Zer egin dezakezu eginkizun berriak jaso ahal izateko?

17 Jehobaren zerbitzuan gehiago egiteko aukera izango duzu bizimodu sinplea badaramazu eta beharrezkoak diren zorrak ez badituzu. Jarri epe motzerako helburuak. Hauek epe luzerakoak lortzen lagunduko dizute. Adibidez, aitzindari erregularra izan nahi baduzu, lehenago hilabetero aitzindari laguntzailea izan zaitezke. Edo kongregazioko laguntzailea izateko helburua baduzu, zergatik ez duzu predikatze-lanean denbora gehiago igarotzen eta kongregazioko gaixoak eta adinekoak bisitatzen? Orain lortzen duzun esperientziak etorkizunean bide berrietara eraman zaitzake. Bitartean ematen zaizun edozein eginkizunetan gogor lan egin (Erm 12:11).

Zure eskura dagoen helburu zehatz bat aukeratu (Ikusi 18. paragrafoa) f

18. Zer ikasten dugu Beverlyren eredutik? Ikusi irudia ere.

18 Helburu berriak jartzeko eta lortzeko ez gara inoiz zaharregiak. Hori da 75 urteko Beverly izeneko arrebaren kasua. Osasun arazo baten ondorioz, oso zaila egiten zitzaion ibiltzea. Baina oroitzapenerako kanpainan bete-betean parte hartu nahi zuen. Beraz, helburu zehatzak jarri zituen. Lortu zituenean, oso pozik sentitu zen. Gainera, bere ereduarekin besteak ere gehiago egitera animatu zituen. Jehobarentzat anai-arreba hauek egiten duten lana oso baliotsua da, nahiz eta beraien egoera ez den batere erraza (Sal 71:17, 18).

19. Zer helburu espiritual jarri ditzakegu?

19 Zure eskura dauden helburuak jarri. Jehobari gustatzen zaizkion ezaugarriak landu. Ikasi gauza berriak egiten Jainkoak eta bere erakundeak erabili zaitzaten. Bilatu anai-arrebak gehiago zerbitzatzeko moduak. d Horrela, Timoteok egin zuen bezala, jarraitu lanean Jehobaren bedeinkapenari esker «guztiek zure aurrerapena argi ikus dezaten» (1 Tm 4:15).

sjj 38. KANTA Jehobak sendotuko gaitu

a Timoteo berri emaile trebea zen. Hala ere, Paulo apostoluak Jehobaren zerbitzuan gehiago egitera animatu zuen. Bere aholkua jarraituz, Jehoba eta anai-arrebak hobeto zerbitzatu zitzakeen. Timoteo bezala, Jehoba eta anai-arrebak gehiago zerbitzatzeko irrikan al zaude? Noski baietz! Zer helburu jarri ditzakezu hori lortzeko? Nola jarri ditzakezu? Eta zer egin betetzeko?

b ZER ESAN NAHI DU? Helburu espirituala Jehoba gehiago zerbitzatu eta pozteko gogor saiatuz lortu edo egin nahi den edozein gauza da.

c Ikusi Organizados para hacer la voluntad de Jehová liburuko 10. kapitulua, «Oportunidades para hacer más en el servicio a Jehová», 6-9 paragrafoak (Organisés pour faire la volonté de Jéhovah > «Comment élargir ton ministère»).

d Ikusi Gozatu bizitzaz betirako! liburuaren 60. ikasgaia, «Jehobarekin duzun adiskidetasuna sendotzen jarraitu».

e IRUDIEN AZALPENAK: Anaia batek bi arrebari mantenimendu-lanak egiten irakasten die eta, beraiek, ikasitakoa praktikan jartzen dute.

f IRUDIEN AZALPENAK: Etxetik atera ezin duen arreba batek, telefonoz predikatzen du jendea oroitzapenera gonbidatuz.