Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Izan al zuten israeldarrek mana eta galeperrez gain besterik jateko?

Israeldarrak 40 urtez basamortuan egon zirenean, mana izan zen beraien elikagai nagusia (Ir 16:35). Horretaz gain, Jehobak galeperrak eman zizkien bi alditan (Ir 16:12, 13; Zen 11:31). Baina, israeldarrek beste elikagai batzuk ere izan zituzten.

Adibidez, Jehobak edateko eta jateko zegoen «atseden-toki bat[era]» eramaten zuen batzuetan bere herria (Zen 10:33, Ke). Horietako toki bat Elim-eko oasia zen. «Hamabi iturburu eta hirurogeita hamar palmondo zeuden han». Palmondo hauek datil-palmondoak ziren seguruenik (Ir 15:27). Biblian agertzen diren landareei buruzko liburu batek honakoa dio datil-palmondoaren inguruan: «Eremu geografiko askotan hazten da eta basamortuan elikatzeko gehien erabiltzen den landarea da. Milioika pertsonei janaria, olioa eta aterpea ematen die» (Plants of the Bible, Harold N. Moldenke eta Alma L. Moldenke).

Israeldarrak gaur egun Feiran izeneko oasi handian gelditu ziren ziurrenik. Oasi hau Feiran wadiaren a (edo ibarraren) parte da. Biblia garaiko tokiei buruzko liburu batek honela deskribatzen du: «130 km-ko luzera du eta Sinai [penintsulako] wadirik luze, eder eta famatuenetarikoa da». Gainera, dio: «Wadiaren ibai-ahotik 45 km-ra, palmondo ederrez betetako Feiran oasia dago. Honek 4,8 km-ko luzera du eta itsas maila gainetik 610 m-tara dago. Sinaiko Eden lorategia da. Antzinatik, jende asko toki honetara etorri da bertan dauden datil-palmondoengatik» (Discovering the World of the Bible, LaMar C. Berrett).

Feiran oasiko datil-palmondoak

Egiptotik irten zirenean, israeldarrek orea (edo irinezko masa) eta oramahaiak (edo orea egiteko ontziak) eraman zituzten, eta ziurrenik alea eta olioa ere bai. Noski, gauza hauek ez zuten denbora luzez iraungo. Bestalde, «ardi, behi eta hainbat abere» ere eraman zituzten (Ir 12:34-39, Ke). Hala ere, basamortuko baldintza gogorrengatik, eramandako animalia asko hilko ziren. Horietako batzuk ziurrenik elikatzeko erabili zituzten eta beste batzuk Jehobari, baita jainko faltsuei ere, sakrifizioan eskaintzeko (Eg 7:39-43). b Hala ere, israeldarrek artalde eta abereak izan zituzten. Nola dakigu hau? Herriak desobeditu zuenean, Jehobak hitz hauek esan zituelako: «Zuen semeak berrogei urtean artzain izango dira basamortuan» (Zen 14:33, Ke). Beraz, baliteke esnea eta, noizbehinka, haragia izatea. Hala ere, hau ez zen nahikoa izango hiru urtez hiru milioi pertsona inguru elikatzeko. c

Nondik lortzen zuten animaliek janaria eta ura? d Garai hartan, ziurrenik euri gehiago egiten zuen eta, ondorioz, basamortuan landare gehiago egongo ziren. Perspicacia para comprender las escrituras e 1. liburukiaren arabera, duela 3.500 urte «israeldarrak egon ziren eremuan, orain baino ur gehiago zegoen. Behin ibai izan ziren toki asko, orain wadi lehor eta sakonak dira. Honek iraganean ibar hauetan ur jarioa egoteko euri nahikoa egiten zuela frogatzen du». Hala ere, basamortua toki idor eta arriskutsua zen (Dt 8:14-16). Beraz, Jehobak mirarien bidez emandako urik gabe israeldarrak eta animaliak ziur aski hilko ziren (Ir 15:22-25; 17:1-6; Zen 20:2, 11).

Jehobak manaren bidez elikatu zituela esan zien Moisesek israeldarrei «gizakia ez dela ogiz bakarrik bizi, baizik Jaunak esaten duenetik bizi dela» jakinarazteko (Dt 8:3).

a Ikusi aldizkari honetako 1992​ko maiatzaren 1​eko alea, 24-25 or.

b Basamortuan Jehobari animaliak sakrifizioan eskaini ziren bi aldi aipatzen dira Biblian: lehenengoa, apaizak izendatuak izan zirenean; eta bigarrena, Pazkoan. Bi aldi hauek K.a. 1512. urtean gertatu ziren, israeldarrak Egiptotik atera ziren bigarren urtean (Lb 8:14-9:24; Zen 9:1-5).

c Ia 40 urtez basamortuan egon ondoren, israeldarrek milaka animalia hartu zituzten gerra harrapakin bezala (Zen 31:32-34). Hala ere, promestutako lurraldera sartu arte, mana jaten jarraitu zuten (Jos 5:10-12).

d Animaliek ez zutela mana jaten ondorioztatu dezakegu. Izan ere, mana biltzeko garaian, pertsona bakoitzak jateko behar zuena bakarrik jasotzeko esan zuen Jehobak, eta ez zituen animaliarik aipatu (Ir 16:15, 16).

e Étude perspicace des Écritures