Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

BIOGRAFIA

Gerra eta bake garaietan, Jehobak indartu gintuen

Gerra eta bake garaietan, Jehobak indartu gintuen

Paul: Oso pozik geunden! 1985​eko azaroan, Liberiara (Mendebaldeko Afrika) bidean gindoazela, gure lehen misiolari asignaziora, hegazkina Senegalen gelditu zen. Annek esan zuen: «Ordu bete barru Liberian egongo gara!». Baina orduan, abisu bat entzun genuen: «Liberiara doazen bidaiariak hegazkinetik jaitsi behar dira. Estatu kolpe baten ondorioz, ezin dugu bertan lurreratu». Hurrengo hamar egunetan, Senegalen gelditu ginen beste misiolari batzuekin batera. Denbora horretan, berrietan hildako gorpuz betetako kamioiei eta gauez etxetik ateratzeko debekuari buruz entzuten zen. Gainera, hori betetzen ez zutenak momentuan hiltzen zituzten.

Anne: Guri ez zaizkigu abenturak gehiegi gustatzen. Are gehiago, txikitatik «Annetxo Urduritxo» deitzen zidaten. Kale bat zeharkatzeak ere beldurra ematen dit oraindik! Hala ere, arriskutsua izan arren, Liberiara joan nahi genuen.

Paul: Anne eta biok Ingalaterra Mendebaldeko zona berean hazi ginen. Nire gurasoek eta Anneren amak aitzindari izatera animatu gintuzten beti. Beraz, institutua amaitu bezain pronto, biok aitzindaritza hasi genuen. Beraiek oso pozik zeuden gure bizitza denbora osoko zerbitzuan pasa nahi genuelako. 19 urterekin, Betelera joatera gonbidatu ninduten. Gero, 1982​an, Annerekin ezkondu eta bera ere Betelera etorri zen.

Galaadeko graduazioan, 1985​ko irailaren 8​an

Anne: Asko gustatzen zitzaigun Betelen egotea. Baina gure desioa behar handiagoa zegoen toki batean zerbitzatzea izan zen beti. Gainera, Betelen misiolariak izan ziren anai-arrebekin lan egin genuenez, gure desioa are gehiago indartu zen. Hiru urtez, gauero otoitz zehatzak egin genizkion Jehobari. A zer poza 1985​ean Galaadeko 79. klasera joateko gonbidapena jaso genuenean! Gure asignazioa Liberia izan zen, Mendebaldeko Afrikan.

ANAI-ARREBEN MAITASUNAK INDARTU GINTUEN

Paul: Liberiara zihoan lehen abioia hartu genuen. Jendea izututa bizi zen eta gauez etxetik ateratzeko debekua zegoen oraindik. Auto batek zarata ozen bat egiten zuenean, jendea oihuka eta korrika hasten zen. Lasaitasuna mantentzeko, gauero Salmoak irakurtzen genituen. Hala ere, herrialdeko egoera oso zaila izan arren, gure asignazioa benetan maite genuen. Egunero, Anne predikatzera joaten zen, eta nik Betelen egiten nuen lan John Charuk a anaiarekin. Anaia honek esperientzia handia zuen eta herrialdeko anai-arreben egoera oso ondo ulertzen zuen. Beraz, berarekin lan egitean asko ikasi nuen.

Anne: Anai-arrebei esker, segituan hasi ginen gure asignazioa maitatzen. Goxoak, irekiak eta leialak ziren. Lotura berezi bat sentitu genuen beraiekin eta gure familia izatera iritsi ziren. Euren aholkuek espiritualki indartu gintuzten. Gainera, predikazioa zoragarria zen. Azkar joaten baginen, etxeko jabeak haserretzen ziren! Jendeak edonon Bibliari buruz hitz egiten zuen eta oso erraza zen elkarrizketan parte hartzea. Biblia ikastaro asko genituenez, oso zaila zen denekin ikastea. Hori bai arazo ederra!

BELDURRA IZAN ARREN, JEHOBAK INDARTU GINTUEN

Errefuxiatuak zaintzen Liberiako Betelen, 1990​an

Paul: Lau urtez nolabaiteko bakean bizi ondoren, 1989​an, gerra zibil beldurgarri bat hasi zen. 1990​eko uztailaren 2​an, tropa errebeldeek Betel inguruko zonaldea hartu zuten. Hiru hilabetez munduarekin kontaktua galdu genuen. Ezin izan genuen familiarekin eta egoitza nagusiarekin hitz egin. Edonon biolentzia eta kaosa zegoen. Gainera, oso janari gutxi zegoen eta emakume asko bortxatzen zituzten. Egoera hori herrialde osora zabaldu zen eta 14 urtez iraun zuen.

Anne: Tribu batzuek elkar hiltzen zuten. Kalean, nonahi, soldaduak zeuden arraro jantzita. Arma asko zituzten eta etxez etxe joaten ziren nahi zutena lapurtuz. Batzuentzat, jendea hiltzea «oiloak hiltzea» bezala zen. Bestalde, errepideetan kontrolak jarri eta pertsona asko hiltzen zituzten. Ondoren, gorpuak bata bestearen gainean pilatzen zituzten. Hau Betel inguruan ere gertatu zen. Tamalez, Lekuko leial batzuk hil zituzten, horien artean asko maite genituen bi misiolari.

Soldaduek tribu zehatz batzuetako pertsonak hiltzen zituzten. Hortaz, Lekukoek euren biziak arriskatu zituzten tribu horietako anai-arrebak ezkutatzeko. Misiolariek eta Beteleko anai-arrebek gauza bera egin genuen. Betelen, adibidez, ihes egin zuten anai-arreba batzuek beheko solairuan egiten zuten lo, eta beste batzuek gurekin logeletan. Gure logelan zazpi kideko familia batekin bizi ginen.

Paul: Egunero soldaduak Betelen sartzen saiatzen ziren, jendea ezkutatzen ari ote ginen ikusteko. Horregatik, lau pertsonez osatutako segurtasun sistema bat genuen: bi kanpoko atean zeuden bitartean, beste bik leihotik begiratzen zuten. Dena ondo bazihoan, kanpoan zeudenek eskuak aurrean jartzen zituzten. Baina soldaduak agresiboak izaten ari baziren, eskuak atzean jartzen zituzten. Beraz, hori ikustean, leihotik begira zeudenak azkar joaten ziren gure lagunak ezkutatzera.

Anne: Aste asko pasa ondoren, soldadu batzuek, haserre, Betelen sartzea lortu zuten. Orduan, beste arreba bat eta biok komun batean entzerratu ginen. Bertako armairu baten barruan ezkutatzeko leku txiki bat zegoen, eta arreba bertan sartu zen. Soldaduak atzetik zetozen metrailetekin eta komuneko atea gogor jotzen hasi ziren. Paul-ek esan zien: «Nire emaztea komuna erabiltzen ari da». Ezkutalekuko atea ixtea zaratatsua zen eta gauza guztiak apaletan txukun jartzeko denbora behar izan nuen. Ziur nengoen soldaduek harrapatuko nindutela. Beraz, dardarka hasi nintzen. Ezin nuen egoera horretan atea ireki. Zer egingo nuen? Jehobari laguntza erregutu nion. Gero, atea ireki eta soldaduak lasai agurtzen saiatu nintzen. Horietako batek ni alde batera bultzatu eta zuzenean armairura joan zen. Armairua ireki eta den-dena nahastu arren, ez zuen ezertxo ere aurkitu. Soldadua zur eta lur gelditu zen. Soldaduek beste gela eta goiko ganbaran ere bilatu zuten. Baina beste behin, ez zuten ezer aurkitu.

EGIAK DISTIRA EGITEN JARRAITU ZUEN

Paul: Hurrengo hilabeteetan, jateko ezer gutxi izan genuen. Baina janari espiritualak irauten lagundu zigun. Beteleko goizeko adorazioa «gosaltzeko» genuen gauza bakarra zen, eta denok asko eskertzen genuen ematen zigun indarra.

Bagenekien janaria edo ura bilatzera ateratzen baginen, ezingo genituzkeela Betelen ezkutatzen ari ziren anai-arrebak babestu eta, ondorioz, hil egingo zituztela. Baina, askotan, Jehobak behar genuena momentu aproposean eta modu harrigarrian eman zigun. Izan ere, Jehobak gure beharrak asetu eta beldurra kontrolatzen lagundu zigun.

Mundua gero eta toki ilunagoa izan arren, egiak gero eta gehiago egiten zuen distira. Behin eta berriz, anai-arrebek ihes egin behar izan zuten euren biziak salbatzeko. Baina zailtasunak izan arren, beraien fedea sendo mantendu eta lasai iraun zuten. Batzuen arabera, zailtasun horiek «larrialdi handirako entrenamendua» izan ziren. Adindunek eta anaia gazteek, ausardia handia erakutsiz, ahal zuten guztia egin zuten anai-arrebak laguntzeko. Gainera, ihes egin zuten anai-arrebek elkar laguntzen zuten, eta zeuden tokietan predikatzen hasi ziren. Basoan aurkitzen zuten edozer gauza erabiltzen zuten bilera aretoak egin eta bilerak ospatzeko. Garai zail horietan bileretara eta predikatzera joateak anai-arrebei esperantza eta animoa eman zien. Anai-arreben artean janaria, arropa eta beharrezko beste gauzak banatzean, askok, arropa eskatu ordez, predikatzeko poltsak eskatzen zizkiguten. Honek asko hunkitu gintuen! Bestalde, gerragatik triste eta traumatizatuta zeuden pertsonak berri onak entzun nahi zituzten. Lekukoak zein pozik zeuden ikustean, harrituta geratzen ziren. Izan ere, anai-arrebak ilunpetan distira egiten zuten argia bezalakoak ziren (Mat. 5:14-16). Gure anai-arreben gogo biziari esker, lehen soldadu krudelak izan ziren batzuk orain gure anaiak dira.

GURE ANAI-ARREBAK UZTEAN, JEHOBAK INDARTU GINTUEN

Paul: Hainbat alditan, herrialdetik atera behar izan ginen: hiru aldiz denbora labur baterako eta bi aldiz urte oso batez. Arreba misiolari batek momentu horietan sentitzen genuena oso ondo azaldu zuen: «Galaaden, bihotza gure asignazioan jartzen irakatsi ziguten, eta halaxe egin genuen. Beraz, gure anai-arrebak horrelako egoera zail batean uztean, gure bihotza txikituta geratzen zen!». Zorionez, inguruko herrialdeetatik, Liberian jarraitzen zuten anai-arrebei lagundu ahal izan genien.

Poz-pozik Liberiara itzultzen, 1997​an

Anne: 1996​ko maiatzean, sukurtsaleko paper inportante batzuk hiriko toki seguruago batera eraman nahi genituen. Horretarako, beste bi anai-arrebekin batera, Beteleko auto bat hartu eta 16 kilometroko bidaia egin behar genuen. Baina atera eta gutxira, eraso batekin egin genuen topo. Soldadu batzuek, haserre, airera tiro egin, autoa gelditu eta, Paul ezik, denok autotik bota gintuzten. Orduan, autora igo eta Paul eraman zuten. Hantxe gelditu ginen zur eta lur. Bat-batean, jendetzaren artean Paul agertu zen, buruan odola zuela eta gugana ibiltzen. Hasieran, tiro egin ziotela pentsatu genuen. Baina horrela izan balitz, nolatan zegoen ibiltzen? Errealitatean, soldadu batek kolpe bat eman zion eta kotxetik bota zuen. Zorionez, zauri txiki bat baino ez zen izan.

Inguruan, izututa zegoen jendez betetako kamioi bat ikusi genuen. Handik alde egingo zuenez, kamioira igotzea pentsatu genuen. Baina barruan ez zegoenez inongo tokirik, kanpotik kamioiari eutsi behar izan genion. Gidariak ziztu bizian gidatzen zuen, eta ia-ia kamioitik erori ginen. Oihu egin genion gelditzeko, baina oso izututa zegoen eta ez zuen ezer entzuten. Iristean, leher eginda amaitu genuen eta urduritasunagatik dardarka geunden.

Paul: Elkarri begiratu eta gure arropa zikin eta urratuak ikustean, ezin genuen sinetsi oraindik bizirik geundela. Zelai batean egin genuen lo, balaz josita zegoen helikoptero baten ondoan. Hurrengo egunean, helikoptero horrek Sierra Leonara eraman gintuen. Oso eskertuta geunden bizirik egoteagatik, baina aldi berean, anai-arrebengatik oso kezkatuta geunden.

BESTE ERRONKA BATZUEI AURRE EGITEAN, JEHOBAK INDARTU GINTUEN

Anne: Sierra Leonako Betelera iristean, Freetown-en, seguru geunden, eta oso ondo zainduta gainera. Baina orduan, espero ez nuen zerbait gertatzen hasi zen: Liberian gertatutako gauza beldurgarriak etortzen zitzaizkidan burura. Egunean zehar, zerbait txarra gertatuko zen beldur nintzen, eta ezin nuen argi eta garbi pentsatu. Gauez dardarka esnatzen nintzen beldurrak jota. Arnasa hartzea ere kostatzen zitzaidan. Baina Paul-ek niri heldu eta nirekin otoitz egiten zuen. Dardarak gelditu arte, Erreinuko kantak abesten genituen. Zoratzen ari nintzela eta ezingo nuela misiolari izaten jarraitu pentsatzen nuen.

Ez dut inoiz ahaztuko gero gertatu zena. Aste hartan bertan, bi aldizkari jaso genituen. Lehenengoa 1996​ko ekainaren 8​ko ¡Despertad! (Réveillez-vous !) izan zen eta, bertan, «Qué hacer ante los ataques de pánico» b artikulua zegoen. Horri esker, zer gertatzen ari zitzaidan ulertu ahal izan nuen. Bigarrena 1996​ko maiatzaren 15​eko La Atalaya (La Tour de Garde) izan zen eta, bertan, «¿De dónde proviene su fuerza?» c artikulua zegoen. Artikulu horretan, hego bat hautsita zuen tximeleta baten argazkia agertzen zen. Artikuluak honakoa azaltzen zuen: Hegoak hautsita dituen tximeleta batek hegan egiten jarraitu dezakeen bezala, guk ere emozionalki mina sentitu arren, Jehobaren laguntzarekin, besteei laguntzen jarraitu dezakegu. Artikulu hauen bidez, Jehobak behar nuen indarra eman zidan justu behar nuenean (Mat. 24:45). Gainera, antzeko artikuluak bilatu eta karpeta batean gorde nituen. Denborarekin, nire antsietatea desagertzen joan zen.

ALDAKETEN AURREAN, JEHOBAK INDARTU GINTUEN

Paul: Liberiara itzultzen ginen bakoitzean, oso pozik jartzen ginen. 2004​ko amaiera aldera, dagoeneko 20 urte eman genituen gure asignazioan. Gerra amaitu zen eta sukurtsalean eraikuntza planak zeuden. Baina, orduan, asignazio berri bat jaso genuen.

Hau oso zaila izan zen guretzat. Anai-arrebak asko maite genituen eta ez genuen joan nahi. Baina Galaadera joateko gure familiak uztean, Jehobak bedeinkatu gintuela ikusi genuen. Beraz, asignazio berria onartu eta Ghanara bidali gintuzten.

Anne: Liberia uztean, negar asko egin genuen. Asko harritu gintuen Frank-ek, adineko anaia heldu batek, esandakoak: «Gutaz ahaztu behar zarete!». Honela azaldu zuen: «Badakigu ez zaretela gutaz inoiz ahaztuko, baina zuen bihotz osoa asignazio berrian jarri behar duzue. Asignazio hau Jehobak eman dizue. Beraz, hango anai-arrebetan zentratu behar zarete orain». Ghanan dena berria izango zen eta oso gutxik ezagutzen gintuzten. Baina Frank-ek esandakoak lagun berriak egitera animatu gintuen.

Paul: Baina Ghanako anai-arrebak segituan bihurtu ziren gure familia. Lekuko pila bat zeuden han! Asko ikasi genuen gure lagun berrien egonkortasun eta espiritualtasun indartsutik. Orduan, Ghanan 13 urtez zerbitzatu ondoren, beste sorpresa bat jaso genuen: Ekialdeko Afrikako sukurtsalean, Kenyan, zerbitzatzeko asignazioa. Ghana eta Liberiako anai-arrebak faltan bota arren, segituan egin genituen lagun berriak. Gainera, Ghana eta Liberian bezala, Kenyan lan asko dago predikazioan.

Lagun berriekin Afrika Ekialdeko sukurtsaleko eremuan, 2023​an

ATZERA BEGIRA

Anne: Nire bizitzan egoera zail asko bizi izan ditut eta beldurra ere sentitu dut. Egoera arriskutsu eta estresanteek fisikoki eta emozionalki eragin ahal gaituzte. Baina ezin dugu Jehobak gauza horietatik gu babestea espero. Orain ere tiroketak entzutean, barruak nahasten zaizkit eta ezin ditut eskuak sentitu. Baina Jehobak gu indartzeko erabiltzen dituen gauzak ondo aprobetxatzen ikasi dut, esaterako, anai-arreben laguntza. Gainera, errutina espiritual on bat mantentzen badugu, Jehobak gure asignazioan irauten lagundu ahal digula ikusi dut.

Paul: Jendeak galdetzen digu: «Gustura al zaudete zuen asignazioan?». Herrialdeak ederrak izan daitezke, baina baita ezegonkorrak eta arriskutsuak ere. Orduan, zergatik gustatzen zaigu gure asignazioa? Gure familiarengatik, hau da, anai-arreba maiteengatik. Jatorri ezberdinak izan arren, denok berdin pentsatzen dugu. Beraiek animatzera bidali gintuztela uste genuen. Baina, berez, beraiek izan dira gu indartu gaituztenak.

Mundu mailako anaiartea Jehobaren mirari bat da. Edonon familia bat dugu! Kongregazio baten parte garen bitartean, etxean gaudela sentitu dezakegu. Ziur gaude Jehobarengan konfiantza jartzen jarraitzen badugu, berak gure beharren arabera sendotuko gaituela (Flp. 4:13, NWT).

a Ikusi John Charuk-en bizipena, «Estoy agradecido a Dios y a Cristo» edo «Je suis reconnaissant à Dieu et au Christ», aldizkari honetako 1973​ko martxoaren 15​eko alean.

b «Comment venir à bout des crises de panique».

c «Où puisent-ils leur force ?».