Eginak 12:1-25
12 Garai hartan, Herodes erregea kongregazioko batzuk pertsegitzen hasi zen.
2 Santiago, Joanen anaia, ezpataz hil zuen.
3 Juduei gustatu zitzaiela ikusi zuenean, Pedro ere atxilotu zuen (Legamia Gabeko Ogien Jaiaren egunetan gertatu zen hau).
4 Harrapatu eta kartzelan sartu zuen, eta lau soldaduko lau talde jarri zituen, txandaka, hura zaintzeko. Bere asmoa Pazko Jaia ondoren Pedro herriaren aurrean aurkeztea* zen.
5 Beraz, Pedro kartzelan utzi zuten. Bitartean, kongregazioak Jainkoari bihotz-bihotzez eta etengabe egiten zion otoitz haren alde.
6 Herodesek Pedro herriaren aurrera atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren erdian. Bi katez lotuta zegoen, eta kartzelaren ate aurrean guardiak zeuden kartzela zaintzen.
7 Bat-batean, Jehobaren aingerua agertu eta zelda guztia argiz bete zen. Saihetsean ukituz, Pedro esnatu eta esan zion: «Jaiki, bizkor!». Eta kateak eskuetatik erori zitzaizkion.
8 Aingeruak esan zion: «Jantzi* eta jarri sandaliak». Halaxe egin zuen. Azkenik, esan zion: «Jarri mantua eta etorri nire atzetik».
9 Pedro handik atera eta bere atzetik joan zen, baina ez zen konturatzen aingeruak egiten zuena benetan gertatzen ari zenik; ikuskari bat zela uste zuen.
10 Lehenengo eta bigarren guardia taldeak pasa ondoren, hirira zeraman burdinezko atera iritsi ziren, eta atea berez ireki zitzaien. Kanpora atera ondoren, kalean behera jarraitu zuten eta aingeruak berehala alde egin zuen.
11 Momentu horretan, Pedro gertatu zenaz konturatu zen, eta esan zuen: «Orain argi ikusten dut Jehobak bere aingerua bidali duela, eta Herodesen eskuetatik eta juduek egin nahi zidaten guztitik libratu nauela».
12 Gertatutakoan pentsatu ondoren, Pedro Mariaren etxera joan zen. Maria Joanen, Markos ere deituaren, ama zen. Dizipulu asko zeuden han bilduta eta otoitz egiten ari ziren.
13 Pedrok sarrerako atea jo zuenean, Rode izeneko neskame bat joan zen nor zen ikustera.
14 Pedroren ahotsa ezagutzean, atea ireki beharrean, poz-pozik korrika sartu zen barrura Pedro sarreran zegoela esatera.
15 Esan zioten: «Zu ez zaude burutik sano». Baina berak baietz eta baietz, Pedro hantxe zegoela. Orduan, esaten hasi ziren: «Bere aingerua da».
16 Bitartean, Pedro han zegoen, ate joka. Atea ireki eta ikusi zutenean, harrituta geratu ziren.
17 Baina Pedrok eskuarekin isilik egoteko keinua egin zien, eta Jehobak kartzelatik nola atera zuen kontatu zien zehatz-mehatz. Orduan, esan zien: «Kontatu gertatutakoa Santiago eta anaiei». Hau esan ondoren, handik irten eta beste toki batera bidaiatu zuen.
18 Eguna argitzean, Pedro non zegoen ez zekitenez, iskanbila handia sortu zen soldaduen artean.
19 Herodesek bazter guztiak miatu zituen bere bila, baina aurkitu ez zuenez, guardiei galdeketa egin zien eta hauek zigortzeko agindu zuen. Gero, Herodes Judeatik Zesareara jaitsi zen, eta han pasa zuen denboratxo bat.
20 Herodes Tiro eta Sidongo jendearekin haserre zegoen. Baina bertako biztanleek Herodesek gobernatzen zuen lurraldetik jasotzen zuten bizitzeko behar zuten janaria. Horregatik, denek bat eginik, erregearengana jo zuten eta, Blasto —erregearen etxeko* arduraduna— konbentzitu ondoren, bakea eskatu zuten.
21 Erabakitako egunean, Herodesek errege arropak jantzi zituen eta, epaitegian eserita, hitzaldi bat ematen hasi zen.
22 Orduan, han zegoen jendea oihuka hasi zen: «Jainko baten ahotsa, eta ez gizon batena!».
23 Herodesek aintza Jainkoari eman ez zionez, bat-batean, Jehobaren aingeruak gaixotu egin zuen, eta zizareek* janda hil zen.
24 Baina Jehobaren hitza zabaltzen eta dizipuluen kopurua handitzen joan zen.
25 Bernabe eta Saulo, berriz, Jerusalemen laguntza lanak guztiz bete ondoren, Antiokiara itzuli eta Joan, Markos ere deitua, beraiekin eraman zuten.