Eginak 4:1-37
4 Pedro eta Joan herriari hitz egiten ari zirela, apaizak, tenpluko kapitaina eta saduzearrak hurbildu ziren beraiengana.
2 Haserre zeuden, apostoluak herriari irakasten ari zirelako eta Jesus hildakoen artetik berpiztua izan zela argi eta garbi esaten zutelako*.
3 Beraz, atxilotu egin zituzten eta, iluntzen ari zenez, kartzelan sartu zituzten hurrengo egunera arte.
4 Hala ere, hitzaldia entzun zuten askok sinetsi egin zuten, eta 5.000 bat gizon izatera iritsi ziren.
5 Hurrengo egunean, beraien agintariak, adindunak eta lege maisuak Jerusalemen elkartu ziren,
6 eta hauekin batera Anas apaizburua, Kaifas, Joan, Alexandro eta apaizburuaren familiako guztiak zeuden.
7 Pedro eta Joan beraien erdian jarri zituzten, eta galdetu zieten: «Noren boterez edo noren izenean egin zenuten hau?».
8 Orduan, Pedrok, espiritu santuz beterik, erantzun zien:
«Herriko agintari eta adindunok,
9 gizon elbarri bati egindako mesedeari buruz galdetzen ari bazarete eta nork sendatu duen jakin nahi baduzue,
10 jakin ezazue zuek guztiok, baita Israel herri osoak ere, honako hau: zuen aurrean osasuntsu dagoen gizon hau Jesu Kristo Nazaretarraren izenean sendatua izan zen. Jesus hau zutoin batean exekutatu zenuten zuek, baina Jainkoak berpiztu* egin zuen.
11 Hauxe da “zuek, eraikitzaileok, baliorik ez zuelakoan, baztertu duzuen harria, eta harri hau oinarri* nagusia bihurtu da”.
12 Gainera, ez dago salbamena ekarriko duen beste inor, ez baitago zeru azpian beste izenik, gizakiei emandakoen artetik, salbatu gaitzakeenik».
13 Pedro eta Joanen ausardia ikustean*, eta eskola gutxikoak* eta gizon arruntak zirela sumatzean, harrituta geratu ziren. Eta Jesusekin ibili zirela konturatu ziren.
14 Baina sendatutako gizona beraien ondoan, zutik, ikusten zutenez, ezin izan zuten ezer erantzun.
15 Beraz, Sanedrineko aretotik ateratzeko agindu zieten. Bata besteari galdezka hasi ziren:
16 «Zer egin behar dugu gizon hauekin? Izan ere, beraien bidez mirari nabarmena gertatu da, Jerusalemeko biztanle guztiek argi eta garbi ikusi dezaketena, eta ezin dugu ukatu.
17 Gertatutakoa herrian gehiago zabaldu ez dadin, mehatxatu eta gizon horren izenean gehiago ez hitz egiteko aginduko diegu».
18 Orduan, deitu egin zituzten eta Jesusen izenean ez hitz egiteko, ez irakasteko, agindu zieten.
19 Baina Pedro eta Joanek erantzun zieten: «Jainkoaren ikuspuntutik zuei obeditzea berari obeditzea baino hobea dela iruditzen bazaizue, zuek ikusi.
20 Baina guk, ezin diogu ikusi eta entzundakoari buruz hitz egiteari utzi».
21 Berriro mehatxatu ondoren, askatu egin zituzten zigortzeko arrazoirik aurkitu ez zutelako eta herriaren beldur zirelako. Izan ere, gertatutakoa eta gero, herria Jainkoa goresten ari zen,
22 mirari* honen bidez sendaturiko gizonak 40 urte baino gehiago baitzituen.
23 Libre utzi zituztenean, Pedro eta Joan beste dizipuluengana joan ziren, eta apaizburu eta adindunek esandakoa kontatu zieten.
24 Hau entzutean, denek aho batez otoitz egin zioten Jainkoari ozenki, esanez:
«Jaun Subiranoa, zu zara zerua, lurra, itsasoa eta horietan dauden gauza guztiak egin zenituena,
25 eta zu zara, espiritu santuaren bidez, gure arbaso eta zure zerbitzari Dabiden ahoz esan zenuena: “Zergatik aztoratu ziren nazioak? Eta zergatik hausnartu zuten herriek ezertarako balio ez duten gauzetan?
26 Lurreko erregeek beraien posizioa hartu zuten, eta agintariak Jehoba eta bere gantzutuaren* aurka elkartu ziren”.
27 Bai, hala gertatu zen; izan ere, Herodes eta Pontzio Pilato nazioetako jendearekin eta israeldarrekin hiri honetan elkartu ziren zuk gantzutu zenuen Jesusen aurka, zure zerbitzari santuaren aurka,
28 zure botere eta borondateak aldez aurretik erabakitakoa betetzeko.
29 Eta orain, Jehoba*, entzun beraien mehatxuak, eta emaguzu zure morroiak garenoi zure hitzari buruz ausardia osoz hitz egiten jarraitzeko laguntza.
30 Eta luzatu eskua gaixoak sendatzeko, eta zure zerbitzari santu Jesusen izenean mirari* eta gauza harrigarriak gertatzeko».
31 Eta bihotzez egindako otoitz hau* amaitu ondoren, elkartuta zeuden tokiak dar-dar egin zuen. Eta den-denak espiritu santuz bete ziren eta Jainkoaren hitzari buruz ausardiaz hitz egiten hasi ziren.
32 Gainera, sinetsi zuen jendetzak bihotz eta gogo* bakarra zuen. Eta inortxok ere ez zuen esaten bere gauzak bereak zirenik, baizik eta guztia konpartitzen* zuten.
33 Apostoluek Jesus Jaunaren berpizkundeari buruzko testigantza indar handiz ematen jarraitu zuten, eta Jainkoak merezigabeko eskuzabaltasuna erakutsi zien denei.
34 Izan ere, beraien artean ez zen beharrean zegoen inor, zeren soroak eta etxeak zituztenek saldu egiten zituzten eta ateratako dirua eraman
35 eta apostoluen esku uzten zuten. Orduan bakoitzaren beharraren arabera banatzen zen.
36 Adibidez, bazen Zipren jaiotako lebitar bat; Jose izena zuen eta apostoluek Bernabe ere deitzen zuten (itzulita, «Kontsolamenduaren Semea»).
37 Honek bere lursail bat saldu eta ateratako dirua apostoluen esku utzi zuen.
Oharra
^ Edo «eta Jesusen kasua erabiliz hildakoen berpizkundeaz argi eta garbi hitz egiten zutelako».
^ Lit. «altxatu».
^ Lit. «kantoi-buru». Edo «kantoi-harri». Harri hau eraikin baten bi pareta elkartzen diren kantoian jartzen da.
^ Edo «Pedro eta Joanek bihotzez eta argi hitz egiten zutela ikustean».
^ Ez du esan nahi analfabetoak zirenik, errabinoen eskoletan ikasi ez zutela baizik.
^ Edo «seinale».
^ Lit. «seinale».
^ Edo «Eta erregu hau».
^ Edo «arima».
^ Edo «partekatzen».