Joan 10:1-42

  • Artzaina eta arditegiak (1-21)

    • Jesus artzain bikaina (11-15)

    • «Beste ardi batzuk ditut» (16)

  • Juduek Jesusi eraso egin Eskaintza Jaian (22-39)

    • Judu askok ez dute sinetsi nahi (24-26)

    • «Nire ardiek nire ahotsa ezagutzen dute» (27)

    • Semea Aitarekin bat eginda dago (30,38)

  • Jordanaren beste aldean askok sinetsi (40-42)

10  «Bene-benetan esaten dizuet: arditegian atetik sartu beharrean, pareta igoz beste toki batetik salto egiten duena, lapurra eta harraparia da. 2  Atetik sartzen dena, berriz, ardien artzaina da. 3  Horri irekitzen dio atea atezainak, eta ardiek bere ahotsa entzuten dute. Artzainak bere ardiei izenez deitzen die eta kanpora zuzentzen ditu. 4  Bere ardiak atera ondoren, haien aurretik joaten da, eta ardiek jarraitu egiten diote bere ahotsa ezagutzen dutelako. 5  Ezagutzen ez duten norbaiti ez diote inola ere jarraituko. Berarengandik ihes egingo dute ez dutelako ezezagunen ahotsa ezagutzen». 6  Jesusek konparaketa hau erabiliz hitz egin zien, baina beraiek ez zuten ulertu esaten ari zitzaiena. 7  Beraz, Jesusek esan zien berriro: «Bene-benetan esaten dizuet: ni naiz ardien atea. 8  Nire itxurak eginez etorri diren guztiak lapurrak eta harrapariak dira, baina ardiek ez diete entzun. 9  Ni naiz atea; niregandik sartzen dena salbatuko da; sartu eta atera ahal izango da eta larreak aurkituko ditu. 10  Lapurra ez da etortzen ez bada lapurtzera, hiltzera eta suntsitzera. Ni, berriz, bizia izan dezaten etorri naiz, eta bizi hori gainezka izan dezaten. 11  Ni naiz artzain bikaina. Artzain bikainak bizia ematen du ardien alde. 12  Langileak —artzaina ez denak eta ardiak bereak ez dituenak— otsoa etortzen ikustean, ardiak utzita ihes egiten du. Orduan, otsoak ardiei eraso egiten die eta sakabanatu egiten ditu. 13  Langileak ihes egiten du, zeren soldatagatik bakarrik lan egiten du eta ardiak ez zaizkio axola. 14  Ni naiz artzain bikaina. Nire ardiak ezagutzen ditut eta nire ardiek ezagutzen naute, 15  Aitak ni ezagutzen nauen bezala eta nik Aita ezagutzen dudan bezala; eta nik bizia* ematen dut ardien alde. 16  «Eta beste ardi batzuk ditut, arditegi honetakoak ez direnak. Hauek ere ekarri behar ditut eta nire ahotsa entzungo dute. Denek artalde bakarra osatuko dute, artzain bakarrarekin. 17  Aitak honengatik maite nau: nire bizia ematen dudalako gero berriro jasotzeko. 18  Bizia ez dit inork kentzen, neure borondatez ematen dut. Autoritatea daukat emateko eta autoritatea daukat berriro jasotzeko. Hori da Aitarengandik jaso dudan agindua». 19  Hitz hauengatik banaketa sortu zen berriro ere juduen artean. 20  Haietako askok esaten zuten: «Deabru bat dauka eta burutik jota dago. Zergatik entzuten diozue?». 21  Beste batzuek, berriz: «Hauek ez dira deabru baten menpe dagoen gizon baten hitzak. Deabru batek ezin ditu itsuen begiak ireki, ezta?». 22  Egun haietan, Eskaintza Jaia ospatzen zen Jerusalemen. Negua zen, 23  eta Jesus tenpluan zebilen, Salomonen Arkupean. 24  Orduan, juduek inguratu egin zuten, eta esan zioten: «Noiz arte edukiko gaituzu zalantzan? Kristo bazara, esan argi eta garbi». 25  Jesusek erantzun zien: «Esan dizuet, baina ez duzue sinetsi. Nire Aitaren izenean egiten ditudan ekintzek nire aldeko testigantza ematen dute. 26  Baina ez duzue sinesten nire ardiak ez zaretelako. 27  Nire ardiek nire ahotsa ezagutzen dute. Nik ezagutzen ditut eta beraiek jarraitu egiten didate. 28  Nik betirako bizia ematen diet. Ez dira sekula suntsituak izango, eta inork ez ditu nire eskuetatik indarrez kenduko. 29  Nire Aitak eman didana beste guztia baino baliotsuagoa da, eta inork ezin ditu ardiak nire Aitaren eskuetatik indarrez kendu. 30  Aita eta biok bat gara*». 31  Berriro ere, juduek harriak hartu zituzten Jesus harrikatzeko. 32  Jesusek, orduan, esan zien: «Aitarengandik datozen ekintza on asko erakutsi dizkizuet. Hauetako zeinengatik harrikatuko nauzue?». 33  Juduek erantzun zioten: «Ez zaitugu ekintza on batengatik harrikatuko, blasfemiagatik baizik. Zeren zuk, gizona izan arren, zeure burua jainko egiten duzu». 34  Jesusek erantzun zien: «Ez al dago zuen Legean idatzita: “Nik esan nuen: ‘Zuek jainkoak zarete’”? 35  Orduan, Jainkoak bere hitzak kondenatzen dituenei “jainko” deitzen die (eta Idazkiak ezin dira baliogabetu). 36  Baina Aitak ni santifikatu eta mundura bidali nau. Beraz, zergatik esaten didazue blasfematzen dudala “Jainkoaren Semea naiz” esateagatik? 37  Nire Aitaren ekintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri. 38  Baina egiten baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egiten ditudan ekintzengatik. Horrela, jakingo duzue eta ez diozue inoiz jakiteari utziko, Aita nirekin bat eginda dagoela eta ni Aitarekin bat eginda nagoela». 39  Orduan, Jesus berriro harrapatzen saiatu ziren, baina eskuetatik ihes egin zien. 40  Jordanaren beste aldera joan zen berriro, hasieran Joanek bataiatzen zuen tokira, eta han geratu zen. 41  Pertsona asko Jesus ikustera etorri eta esaten hasi ziren: «Joanek ez zuen mirari* bakar bat ere egin, baina gizon honi buruz esan zuen guztia egia zen». 42  Eta han askok jarri zuten fedea Jesusengan.

Oharra

Edo «arima».
Edo «batasunean gaude».
Lit. «seinale».