Lukas 10:1-42
10 Honen ondoren, Jaunak beste 70 aukeratu eta bere aurretik binaka bidali zituen, bera joango zen hiri eta leku guztietara.
2 Orduan, esan zien: «Bai, handia da uzta, baina langileak gutxi. Beraz, erregutu uztaren jabeari langileak bidaltzeko bere uztara.
3 Zoazte! Begira! Bildotsak otso artera bezala bidaltzen zaituztet.
4 Ez eraman diru poltsarik, ez janari poltsarik, ezta sandaliarik ere, eta ez agurtu inor* bidean.
5 Sartzen zareten edozein etxetan esan lehendabizi: “Bakea etxe honi”.
6 Eta han bakearen lagun bat badago, zuen bakea berarekin geratuko da; baina ez badago, bakea zuengana itzuliko da.
7 Beraz, etxe hartan geratu, eta ematen zaizuena jan eta edan, langileak bere soldata merezi baitu. Ez ibili etxe batetik bestera mugitzen.
8 «Gainera, hiri batean sartu eta harrera ona egiten badizuete, jan eskaintzen zaizuena
9 eta sendatu han gaixo daudenak, eta esaiezue: “Jainkoaren Erreinua zuengana hurbildu da”.
10 Baina hiri batean sartu eta harrera ona egiten ez badizuete, kale nagusietara atera eta esan:
11 “Oinetan itsatsi* zaigun zuen hiriko hautsa ere zuen aurka astintzen dugu. Dena dela, jakin ezazue Jainkoaren Erreinua hurbildu dela”.
12 Nik esaten dizuet egun hori gogorragoa izango dela hiri horrentzat Sodomarentzat baino.
13 «Ai ene, Korazin! Ai ene, Betsaida! Zuen artean egin diren mirariak Tiro eta Sidonen egin izan balira, aspaldi damutuko ziren zakuz jantziz eta errautsetan eseriz.
14 Horregatik, epaia gogorragoa izango da zuentzat Tiro eta Sidonentzat baino.
15 Eta zu, Kapernaum, zeruetaraino altxatua izango zarelakoan, ala? Hilobira* jaitsiko zara!
16 «Zuei entzuten dizuenak, niri entzuten dit; eta kasurik egiten ez dizuenak, niri ere ez dit kasurik egiten. Are gehiago, niri kasurik egiten ez didanak, bidali nauenari ere ez dio kasurik egiten».
17 Orduan, 70ak poz-pozik itzuli ziren, eta esaten zuten: «Jauna, deabruek ere obeditzen digute zure izena erabiltzen dugunean».
18 Jesusek esan zien: «Dagoeneko eroria ikusi dut Satanas, zeruko tximista bezala.
19 Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren botere guztiak garaitzeko autoritatea eman dizuet, eta ezertxok ere ez dizue kalterik egingo.
20 Baina ez poztu espirituek obeditzen dizuetelako; poztu zuen izenak zeruetan idatzita daudelako».
21 Momentu hartantxe, espiritu santuaren bidez, Jesusek izugarrizko zoriontasuna sentitu zuen eta esan zuen: «Denen aurrean goraipatzen zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, zeren gauza hauek jakintsu eta intelektualei kontu handiz ezkutatu dizkiezu eta haurtxoei erakutsi*. Bai, Aita, horrelaxe egin nahi izan duzu.
22 Aitak nire esku utzi du den-dena. Inork ez du Semea nor den ezagutzen, Aitak izan ezik. Eta inork ez du Aita nor den ezagutzen, Semeak eta honek erakutsi nahi dion edozeinek izan ezik».
23 Orduan, buelta eman eta dizipuluei bakarrik zuzenduz, esan zien: «Zoriontsuak ikusten ari zaretena ikusten duten begiak.
24 Zeren nik esaten dizuet: profeta eta errege askok zuek ikusten ari zaretena ikusi nahi izan zuten, baina ez zuten ikusi, eta zuek entzuten ari zaretena entzun nahi izan zuten, baina ez zuten entzun».
25 Orduan, Legean aditua zen gizon bat zutitu eta, Jesus probatu nahian, esan zion: «Maisu, zer egin behar dut betirako bizia heredatzeko?».
26 Jesusek esan zion: «Zer dago Legean idatzita? Zer irakurtzen duzu?».
27 Honek erantzun zion: «“Maita ezazu Jehoba* zure Jainkoa bihotz-bihotzez, gogo* osoz, indar guztiz eta adimen guztiz” eta “lagun hurkoa* zeure burua bezala”».
28 Jesusek, berriz: «Ongi erantzun duzu; segi hau egiten eta bizia lortuko duzu».
29 Baina zuzena zela erakutsi nahian, gizonak esan zion Jesusi: «Nor da benetan nire lagun hurkoa*?».
30 Jesusek erantzun zion: «Gizon bat Jerusalemetik Jerikora jaisten ari zen, eta lapurren eskuetan erori zen. Hauek arropa ere kendu zioten eta, jipoitu eta erdi hilda utzita, alde egin zuten.
31 Kasualitatez, bide hartatik apaiz bat ari zen jaisten, baina, gizona ikustean, beste aldera pasa eta aurrera egin zuen.
32 Gauza bera egin zuen lebitar batek toki hartara iritsi eta gizona ikustean: beste aldera pasa eta aurrera egin.
33 Baina bide hartatik bidaiatzen ari zen samariar bat, gizonarengana iritsi zenean eta ikusi zuenean, zeharo hunkitu zen.
34 Beraz, berarengana hurbildu eta zauriak bendaz lotu zizkion, hauetan olioa eta ardoa jarri ondoren. Gero, bere asto gainera igo zuen eta ostatu batera eraman eta zaindu egin zuen.
35 Hurrengo egunean, bi denario* atera eta ostalariari eman zizkion, eta esan zion: “Zaindu ezazu, eta honetaz gain gastatzen duzun guztia ordainduko dizut itzultzean”.
36 Zure ustez, hiruetako zeinek erakutsi zuen lapurren esku eroritako gizonaren lagun hurkoa* zela?».
37 Lege adituak erantzun zuen: «Errukia erakutsi zionak». Jesusek, orduan, esan zion: «Zoaz eta egin zuk ere gauza bera».
38 Bidean aurrera zihoazela, Jesus herri batean sartu zen. Han, Marta izeneko emakume batek etxean hartu zuen.
39 Honek Maria izeneko ahizpa bat zuen. Maria Jaunaren oinetan eseri zen eta Jesusek esaten zuena entzuten geratu zen.
40 Marta, berriz, gauza asko prestatzen distraituta zebilen. Beraz, Jesusengana hurbildu eta esan zion: «Jauna, bakarrik utzi nau nire ahizpak gauza guztiak prestatzen. Ez al zaizu inporta? Esaiozu etortzeko eta laguntzeko».
41 Jaunak erantzun zion: «Marta, Marta, gauza askorengatik zaude urduri eta kezkatuta.
42 Baina gauza gutxi behar dira, edo bat bakarra. Mariak, berriz, parterik onena* aukeratu du, eta ez zaio kenduko».
Oharra
^ Edo «ez besarkatu inor agurtzeko».
^ Edo «atxiki; kolatu».
^ Edo «Hades-era». Hau da, hildakoek atseden hartzen duten toki sinbolikoa. Ikusi Glosarioa, hilobi.
^ Edo «ezagutzera eman».
^ Edo «arima».
^ Edo «hurbilekoa; albokoa».
^ Edo «hurbilekoa; albokoa».
^ Edo «hurbilekoa; albokoa».
^ Lit. «zati ona».