Lukas 12:1-59

  • Fariseuen legamia (1-3)

  • Jainkoari beldur izan, ez gizakiei (4-7)

  • Jendearen aurrean Kristoren alde jarri (8-12)

  • Aberats zentzugabearen parabola (13-21)

  • «Ez segi kezkatzen» (22-34)

    • Artalde txikia (32)

  • Erne segi (35-40)

  • Etxezain leiala eta desleiala (41-48)

  • Banaketak, ez bakea (49-53)

  • Garaiak aztertzea beharrezkoa (54-56)

  • Elkarren arteko arazoak konpondu (57-59)

12  Bitartean, milaka pertsona bildu ziren, elkar zapaltzeraino. Orduan, Jesusek, lehenengo bere dizipuluei zuzenduz, esan zuen: «Kontuz fariseuen legamiarekin, hau da, hipokrisiarekin. 2  Baina kontu handiz ezkutaturik dagoen guztia jakitera emango da, eta sekretuan dagoen guztia ezagutuko da. 3  Beraz, ilunpetan esaten duzuen guztia egun argitan entzungo da, eta zuen gelan belarrira esaten duzuen guztia lau haizetara zabalduko da*. 4  Gainera, nire lagunok, esaten dizuet: ez izan beldurrik gorputza hiltzen dutenei baina gero beste ezer egiteko gai ez direnei. 5  Nik erakutsiko dizuet nori beldur izan: beldur izan norbait hiltzeko eta, ondoren, betirako suntsitzeko* autoritatea duenari. Benetan esaten dizuet: beldur izan hari. 6  Bost txori* oso balio gutxiko bi txanponen* truke saltzen dira, ezta? Hala ere, Jainkoa ez da bakar batez ere ahazten*. 7  Zuen kasuan, buruko ile guztiak ere kontatuta dauzka. Ez izan beldurrik; txori askok baino gehiago balio duzue. 8  «Nik esaten dizuet: norbait, jendearen aurrean, nire alde jartzen bada, Gizonaren Semea ere bere alde jarriko da Jainkoaren aingeruen aurrean; 9  baina norbaitek, jendearen aurrean, ez nauela ezagutzen esaten badu, nik ere Jainkoaren aingeruen aurrean ez dudala ezagutzen esango dut. 10  Eta Gizonaren Semearen aurka zerbait esaten duenari barkatu egingo zaio, baina espiritu santuaren aurka blasfematzen duenari ez zaio barkatuko. 11  Biltzar publikoen*, gobernuko funtzionarioen eta autoritateen aurrera eramaten zaituztetenean, ez kezkatu nola hitz egingo duzuen zuen defentsan edo zer esango duzuen pentsatuz, 12  zeren, momentu hartantxe, espiritu santuak irakatsiko dizue zer esan behar duzuen». 13  Orduan, jendearen artean zegoen batek esan zion: «Maisu, esaiozu nire anaiari herentzia nirekin banatzeko». 14  Jesusek esan zion: «Gizon, nork izendatu nau zuen artean epaile edo arbitro?». 15  Orduan, esan zion jendetzari: «Mantendu begiak irekita eta baztertu mota guztietako kodizia, zeren pertsona batek gauza asko baditu ere, bere ondasunek ezin diote bizia eman». 16  Gero, konparaketa hau jarri zien: «Gizon aberats baten lurrak uzta handia eman zuen. 17  Beraz, bere barruan arrazoitzen hasi zen: “Zer egingo dut orain uzta gordetzeko lekurik ez badut?”. 18  Orduan esan zuen: “Hauxe egingo dut: nire biltegiak behera bota eta handiago batzuk eraikiko ditut, eta nire gari guztia eta daukadan den-dena bertan gordeko dut. 19  Gero, neure buruari esango diot: ‘Urte askotarako gauza on asko pilatu dituk. Lasai bizi, jan, edan eta ondo pasa’”. 20  Baina Jainkoak esan zion: “Zentzugabe halakoa, gaur gauean hilko zara*. Eta norentzat izango dira gorde dituzun gauzak?”. 21  Horixe gertatzen zaio beretzat altxorrak pilatu, baina Jainkoaren begietan aberatsa ez denari». 22  Jarraian, bere dizipuluei esan zien: «Horregatik, esaten dizuet: ez segi kezkatzen* bizitzeko zer jan, edo zer jantziko duzuen. 23  Izan ere, biziak janariak baino gehiago balio du, eta gorputzak arropak baino gehiago. 24  Begira beleei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen; ez daukate mandiorik*, ez biltegirik. Hala ere, Jainkoak jaten ematen die. Ez al duzue zuek hegaztiek baino askoz gehiago balio? 25  Kezkatzen eta kezkatzen aritzeagatik, nork luzatu dezake bizitza ordubetetxo* bat bada ere? 26  Beraz, ezin baduzue horrelako gauza txiki bat ere egin, zergatik kezkatu beste gauzetaz? 27  Begira nola hazten diren loreak: ez dira lanean nekatzen, eta ez dute beraien arropa josten*; baina benetan esaten dizuet Salomon bera ere, haren handitasun ederrean, ez zela hauetako bat bezain dotore jantzi. 28  Pentsa, zelaian ateratzen diren landareak, nahiz eta gaur hemen egon eta bihar labera bota, Jainkoak horrela janzten baditu, gauza bera edo askoz gehiago egingo du zuekin, fede gutxiko jendea! 29  Beraz, ez segi zer jan edo zer edango duzuen bilatzen, eta ez segi gehiegi larritzen, 30  munduko nazioetako jendea ibiltzen baita buru-belarri gauza guzti hauen atzetik. Baina, zuen Aitak ondo daki gauza hauek behar dituzuela. 31  Horren ordez, segi Erreinua bilatzen eta gauza hauek ere jasoko dituzue. 32  «Ez izan beldurrik, artalde txikia, zuen Aitak Erreinua eman nahi dizue eta. 33  Saldu zuen ondasunak eta eman laguntza behartsuei*. Egin gastatzen ez diren diru poltsak, amaituko ez den altxorra zeruan. Bertara ez da lapurrik hurbiltzen, eta han pipiak* ez du ezer jaten. 34  Zeren zure altxorra non, zure bihotza han. 35  «Jantzita eta prest* egon, eta olio lanparak piztuta eduki. 36  Zuek izan zaitezte nagusia ezkontzatik noiz etorriko zain dauden gizonak bezalakoak. Nagusia etorri eta atea jotzen duenean, berehala irekitzen diote. 37  Zoriontsuak nagusia etortzen denean erne aurkitzen dituen morroiak! Benetan esaten dizuet: zerbitzatzeko jantziko* da nagusia, eta morroiei mahaian esertzeko* esan eta zerbitzatu egingo die. 38  Nagusia gauerdia baino lehen* etortzen bada, edo gauerdia eta gero* etortzen bada ere, eta prest aurkitzen baditu, zoriontsuak dira morroi horiek! 39  Hori bai, kontuan izan: etxeko jabeak lapurra zein ordutan etorriko den jakin izan balu, ez zion lapurrari etxean sartzen utziko. 40  Zuek ere egon beti prest, Gizonaren Semea gutxien uste duzuen orduan etorriko baita». 41  Orduan, Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat bakarrik jarri al duzu konparaketa hau, ala guztiontzat?». 42  Eta Jaunak esan zion: «Nor da benetan etxezain* leiala, zentzuduna*, nagusiak etxeko zerbitzarien kargu jarri duena, hauei behar duten janaria une egokian ematen jarraitzeko? 43  Zoriontsua morroi hori nagusia etortzean horixe egiten aurkitzen badu! 44  Benetan esaten dizuet: bere gauza guztien kargu jarriko du. 45  Baina morroi horrek noizbait pentsatzen badu: “Nagusia berandutzen ari da”, eta gizonezko eta emakumezko zerbitzariak jotzen hasten bada, eta jaten, edaten eta mozkortzen, 46  espero ez duen egunean eta ez dakien orduan etorriko da nagusia. Zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta desleialekin jarriko du. 47  Orduan, bere nagusiaren nahia ulertu arren, prestatu ez zen eta eskatutakoa egin* ez zuen morroiak, kolpe ugari jasoko ditu. 48  Baina nagusiaren nahia zein den ulertu ez duelako, kolpeak merezi dituen gauzak egiten dituen morroiak, kolpe gutxi jasoko ditu. Egia esan, asko eman zitzaionari asko eskatuko zaio, eta ardura asko eman zitzaionari ohikoa baino gehiago eskatuko zaio. 49  «Lurrean sua piztera etorri naiz, eta zer gehiago nahi dut dagoeneko piztua izan bada? 50  Baina bataio batez bataiatua izan behar dut, eta zein estu eta larri sentituko naizen bukatzen den arte! 51  Lurrera bakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Ez, inondik inora; banaketak sortzera etorri naiz. 52  Zeren hemendik aurrera, etxe batean bost izan eta banatuta egongo dira: hiru biren kontra, eta bi hiruren kontra. 53  Banatuta egongo dira: aita semearen kontra eta semea aitaren kontra, ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra, amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra». 54  Hau ere esan zion jendetzari: «Mendebaldean laino bat ikusten duzuenean, berehala esaten duzue: “Ekaitza dator”, eta hala gertatzen da. 55  Eta hego-haizea dagoela ikusten duzuenean, esaten duzue: “Sargori egongo da”, eta hala gertatzen da. 56  Hipokrita halakoak, badakizue lurraren eta zeruaren itxura aztertzen, baina zergatik ez dakizue garai zehatz hauek aztertzen? 57  Zergatik ez duzue zuzena dena zeuen kabuz ere epaitzen? 58  Adibidez, zure aurkariarekin autoritate batengana zoazenean, saiatu arazoa bidean konpontzen. Bestela, epailearen aurrera eramango zaitu, eta epaileak auzitegiko guardiaren esku utziko zaitu, eta auzitegiko guardiak kartzelara botako zaitu. 59  Nik esaten dizut ez zarela handik aterako zure azken txanpona* ordaindu arte».

Oharra

Edo «ozen esango da etxe gainetatik».
Lit. «Gehenara botatzeko». Ikusi Glosarioa, Gehena.
Edo «txolarre; hormatxori; paretatxori; gorrioi».
Lit. «bi asarionen». Gizon batek ordu eta erdiz lan egiteagatik jasotzen zuen soldata.
Edo «Jainkoak ez du bakar bat ere alde batera uzten».
Edo agian «Sinagogen».
Edo «eskatuko dizute arima». Ikusi Glosarioa, arima.
Edo «utzi kezkatzeari».
Edo «ganbararik; bihitegirik; garautegirik».
Lit. «ukondo». Antzinako luzera-neurri bat. Ukondo bat metro erdi inguru zen.
Lit. «iruten». Hau da, ehuntzeko materiala hari bihurtu.
Lit. «eman erruki opariak».
Edo «sitsak».
Lit. «gerria lotuta».
Edo «lotuko».
Edo «mahai aldera etzateko».
Lit. «Bigarren gaualdian». Jesusen garaian, gutxi gorabehera gaueko 21:00etatik gauerdira.
Lit. «hirugarren gaualdian». Jesusen garaian, gutxi gorabehera gauerditik goizaldeko 3:00tara.
Edo «etxeko administratzaile».
Edo «zuhurra; neurritsua».
Edo «eta nagusiaren nahiaren arabera jokatu».
Lit. «leptona». Ikusi Glosarioa, lepton.