Mateo 12:1-50
-
Jesus, «Larunbataren Jauna» (1-8)
-
Jesusek eskua elbarri zeukan gizona sendatu (9-14)
-
Jainkoaren zerbitzari kuttuna (15-21)
-
Espiritu santuaren bidez botatako deabruak (22-30)
-
Bekatu barkaezina (31, 32)
-
Fruituarengatik ezagutzen da zuhaitza (33-37)
-
Jonasen seinalea (38-42)
-
Espiritu gaizto baten itzulera (43-45)
-
Jesusen ama eta anaiak (46-50)
12 Garai hartan, Jesus gari soroetatik pasa zen Larunbatez*. Bere dizipuluak gosetu egin ziren, eta eskuekin galburuak hartu eta aleak jaten hasi ziren.
2 Hau ikustean, fariseuek esan zioten: «Begira! Zure dizipuluak Larunbataren legea desobeditzen ari dira».
3 Jesusek esan zien: «Ez al duzue irakurri Dabidek zer egin zuen bera eta bere gizonak gose zirenean?
4 Ez al zen Jainkoaren etxean sartu, eta ez al zituzten ogi sakratuak jan? Legearen arabera, bera eta bere gizonek debekatuta zeukaten hori egitea; apaizek bakarrik jan ditzakete.
5 Edota ez al duzue Legean irakurri apaizek tenpluan Larunbataren legea ez dutela betetzen, baina hala ere errugabe jarraitzen dutela?
6 Ba, nik esaten dizuet tenplua baino inportanteagoa den zerbait dagoela hemen.
7 Hala ere, “errukia nahi dut, ez sakrifizioa” hitzek zer esan nahi duten ulertu izan bazenute, ez zenituzketen errugabeak kondenatuko.
8 Zeren Gizonaren Semea Larunbataren Jauna baita».
9 Handik atera ondoren, sinagogara joan zen.
10 Han, eskua elbarri* zeukan gizon bat zegoen. Jesus salatzeko aitzakia bila zebiltzanez, galdetu zioten: «Baimenduta al dago Larunbatean inor sendatzea?».
11 Jesusek esan zien: «Ardi bat badaukazue eta Larunbatean zulo batera erortzen baldin bada, zuetako nork ez du hartu eta handik aterako?
12 Ba, ardi batek baino askoz ere gehiago balio du gizakiak! Beraz, baimenduta dago Larunbatean gauza onak egitea».
13 Orduan, esan zion gizonari: «Luzatu eskua». Luzatu zuen, eta bestea bezain ongi geratu zitzaion.
14 Baina fariseuak handik atera eta Jesus hiltzeko konspiratzen hasi ziren.
15 Horretaz konturatzean, Jesusek alde egin zuen. Jende askok jarraitu zion eta berak den-denak sendatu zituen,
16 baina argi agindu zien inori ez esateko bera nor zen.
17 HorreIa, Isaias profetaren bidez esandako hau bete zen:
18 «Begira! Hona hemen nire zerbitzaria, aukeratu dudana, nire kuttuna. Oso pozik nago berarekin*. Nire espiritua emango diot eta nazioei argi erakutsiko die justizia zer den.
19 Ez da eztabaidan, ezta oihuka ariko, eta inork ez du kale nagusietan bere ahotsa entzungo.
20 Ez du pitzatutako kanaberarik hautsiko, ezta kea darion metxarik itzaliko ere, berari esker justizia garaile ateratzen den arte.
21 Izan ere, nazioek bere izenean jarriko dute esperantza».
22 Orduan, deabruen menpe zegoen gizon itsu eta mutu bat ekarri zioten. Jesusek sendatu eta mutuak hitz egin eta ikusi ahal izan zuen.
23 Jende guztia harrituta geratu zen, eta esaten hasi zen: «Ez al da hau Dabiden Semea izango?».
24 Hori entzutean, fariseuek esan zuten: «Honek Beeltzebuben* bidez, hau da, deabruen agintariaren bidez, botatzen ditu deabruak».
25 Burutik zer pasatzen ari zitzaien bazekienez, Jesusek esan zien: «Bere buruaren aurka zatituta dagoen edozein erreinu hondatu egiten da, eta bere buruaren aurka zatituta dagoen edozein hiri edo etxe ez da zutik mantentzen.
26 Modu berean, Satanasek Satanas botatzen badu, bere buruaren aurka zatituta egongo da. Orduan, nola jarraituko du zutik bere erreinuak?
27 Gainera, nik deabruak Beeltzebuben bidez botatzen baditut, noren bidez botatzen dituzte zuen dizipuluek*? Horrexegatik, zuen dizipuluak izango dira oker zabiltzatela erakutsiko dutenak*.
28 Baina deabruak Jainkoaren espirituaren bidez botatzen baditut, Jainkoaren Erreinuak ustekabean harrapatu zaituzte.
29 Edota norbait gizon indartsu baten etxean sartu eta bere gauzak lapurtu nahi badizkio, lehenik gizona lotu egin beharko du, ezta? Orduan bakarrik lapurtu ahal izango dio etxeko guztia.
30 Nire alde ez dagoena, nire aurka dago; eta nirekin biltzen ez duenak sakabanatu egiten du.
31 «Horregatik esaten dizuet: gizakiari edozein motatako bekatu eta blasfemia barkatuko zaio, baina espirituaren aurkako blasfemia ez zaio barkatuko.
32 Adibidez, Gizonaren Semearen aurka zerbait esaten duenari barkatu egingo zaio; baina espiritu santuaren aurka hitz egiten duenari ez zaio barkatuko, ez sistema* honetan, ezta datorrenean ere.
33 «Zuhaitz ona bazarete, fruitu ona emango duzue; zuhaitz ustela bazarete, fruitu ustela emango duzue. Fruituarengatik ezagutzen baita zuhaitza.
34 Sugekumeak*, nola esango dituzue gauza onak gaiztoak bazarete? Izan ere, bihotzean gainezka dagoenaz hitz egiten du ahoak.
35 Pertsona onak gauza onak esaten ditu bere bihotza* gauza onez beteta dagoelako. Pertsona gaiztoak, berriz, gauza txarrak esaten ditu bere bihotza gauza txarrez beteta dagoelako.
36 Nik esaten dizuet: Epaiketa Egunean, jendeak kontuak eman beharko ditu esandako alferreko hitz bakoitzarengatik.
37 Zeren zure hitzengatik izango zara zuzena deklaratua, eta zure hitzengatik izango zara kondenatua».
38 Erantzunez, lege maisu eta fariseu batzuek esan zioten: «Maisu, Jainkoak bidali zaituela erakusten duen seinale bat ikusi nahi dugu».
39 Jesusek erantzun zien: «Belaunaldi gaizto eta desleial* hau seinale baten bila dabil, baina emango zaien seinale bakarra Jonas profetarena da.
40 Zeren, Jonas hiru egunez eta hiru gauez arrain handiaren sabelean egon zen bezala, Gizonaren Semea ere hiru egunez eta hiru gauez egongo da hilobian.
41 Jonasek predikatu zienean damutu egin zirenez, Ninivetarrak Epai Egunean altxatu eta belaunaldi hau kondenatuko dute. Baina, begira! Jonas baino inportanteagoa den norbait dago hemen.
42 Hegoaldeko erregina, lurraren beste puntatik Salomonen jakinduria entzutera etorri zenez, Epai Egunean altxatuko da eta belaunaldi hau kondenatuko du. Baina, begira! Salomon baino inportanteagoa den norbait dago hemen.
43 «Espiritu gaizto* bat pertsona batengandik ateratzen denean, desertutik pasatzen da atseden hartzeko toki baten bila, eta ez du batere aurkitzen.
44 Orduan, esaten du: “Atera nintzeneko etxera bueltatuko naiz”. Eta iristean, etxea hutsik, eskobatuta eta apainduta aurkitzen du.
45 Orduan, joan egiten da eta bera baino gaiztoagoak diren zazpi espiriturekin bueltatzen da. Barruan sartu ondoren, bertan jartzen dira bizitzen. Eta pertsona horrek amaieran duen egoera, hasieran zuena baino okerragoa da. Gauza bera gertatuko da belaunaldi gaizto honekin».
46 Oraindik jendetzarekin hitz egiten ari zela, bere ama eta anaiak kanpoan zeuden berarekin hitz egin nahian.
47 Beraz, norbaitek esan zion: «Hara!, zure ama eta anaiak kanpoan daude, eta zurekin hitz egin nahi dute».
48 Jesusek erantzun zien: «Nor da nire ama, eta nortzuk dira nire anaiak?».
49 Eta eskua bere dizipuluengana luzatuz, esan zuen: «Hauek dira nire ama eta nire anaiak!
50 Zeruko nire Aitaren nahia egiten duen edonor baita nire anaia, arreba eta ama».
Oharra
^ Edo «lehortuta».
^ Edo «Nire arimaren aprobazioa du berak».
^ Satanasi deitzeko beste modu bat.
^ Lit. «semeek».
^ Edo «zuen epaile izango direnak».
^ Edo «Bibora kumeak».
^ Edo «bere altxorra».
^ Edo «adultero».
^ Lit. «zikin; kutsatu».