Mateo 14:1-36

  • Joan Bataiatzaileari lepoa mozten diote (1-12)

  • Jesusek 5.000 gizoni ematen die jaten (13-21)

  • Jesus ur gainean oinez (22-33)

  • Sendaketak Genesareten (34-36)

14  Garai hartan Herodesek*, Galileako eskualdeko agintariak*, Jesusek egindakoaren berri entzun zuen. 2  Eta bere zerbitzariei esan zien: «Joan Bataiatzailea da. Hildakoen artetik berpiztu* da, eta horregatik egin ditzake mirari horiek». 3  Lehenago, Herodesek Joan atxilotu, lotu eta kartzelaratu egin zuen Herodiasengatik. Herodias Herodesen anaiaren, Feliperen, emaztea izan zen. 4  Izan ere, Joanek askotan esan zion Herodesi: «Ez dago baimenduta zu berarekin ezkonduta egotea». 5  Herodesek hil egin nahi zuen, baina jendetzaren beldur zen, Joan profeta zela sinesten baitzuten. 6  Hala ere, Herodesen urtebetetzean, Herodiasen alabak gonbidatuen aurrean dantzatu zuen, eta Herodesi asko gustatu zitzaionez, 7  eskatzen zion edozer gauza emango ziola zin egin zion. 8  Orduan neskak, bere amak presionatuta, esan zion: «Emadazu bandeja* batean Joan Bataiatzailearen burua». 9  Erregea triste jarri zen arren, gonbidatuen aurrean zin egin zuenez, Joanen burua neskari emateko agindu zuen. 10  Beraz, soldadu bat bidali zuen Joani kartzelan lepoa moztera. 11  Soldaduak bandeja batean ekarri zuen haren burua eta neskari eman zion, eta honek bere amari. 12  Gero, Joanen dizipuluak etorri ziren, eta gorpua eraman eta lurperatu egin zuten. Ondoren, Jesusi kontatzera joan ziren. 13  Honen berri izatean, Jesus handik joan eta, bakarrik egoteko, toki isolatu batera atera zen txalupaz. Jendetzak jakin zuenean, hirietatik atera eta oinez jarraitu zion. 14  Itsas bazterrera iristean, jendetza handi bat ikusi zuen eta zeharo hunkitu zen, eta gaixo zeudenak sendatu zituen. 15  Ilunabarrean, Jesusen dizipuluak hurbildu eta esan zioten: «Leku hau oso aparte dago, eta dagoeneko berandu da. Bidali ezazu jendetza hau inguruko herrietara joan eta jateko zerbait eros dezan». 16  Baina Jesusek esan zien: «Ez dute joan beharrik. Eman zuek jateko zerbait». 17  Erantzun zioten: «Bost ogi eta bi arrain besterik ez dugu». 18  Esan zien: «Ekarri hona». 19  Eta jendetzari belarretan esertzeko esan zion. Gero, bost ogiak eta bi arrainak hartu eta zerura begira otoitz egin* zuen. Ogiak zatitu ondoren, dizipuluei eman zizkien, eta dizipuluek jendetzari. 20  Beraz, denek jan zuten eta bapo eginda geratu ziren. Eta soberan geratu ziren zatiekin 12 saski bete zituzten. 21  5.000 gizon inguruk jan zuten, emakume eta haurrez gain. 22  Berehala, dizipuluei txalupara igo eta beste ertzera joateko esan zien, berak jendetza agurtzen zuen bitartean. 23  Jendetza agurtu ondoren, Jesus bakarrik igo zen mendira otoitz egitera. Gaua iritsi zenean, bakarrik jarraitzen zuen han. 24  Ordurako, txalupa itsasertzetik oso urruti* zegoen eta, olatuak eta haizea kontra zituenez, dizipuluek txalupa kontrolatzeko zailtasunak zituzten. 25  Baina egunsentia baino lehen*, Jesus beraiengana joan zen ur gainean oinez. 26  Itsaso gainean ibiltzen ikusi zutenean, dizipuluek izututa esan zuten: «Mamu* bat! ». Eta beldurrez oihuka hasi ziren. 27  Baina Jesusek berehala hitz egin zien, esanez: «Lasai! Ni naiz. Ez beldurrik izan». 28  Pedrok erantzun zion: «Jauna, zu bazara, aginduidazu ur gainetik zugana joateko». 29  Jesusek orduan: «Etorri hona!». Pedro txalupatik atera, ur gainean ibiltzen hasi eta Jesusengana abiatu zen. 30  Baina haizearen indarrari arreta jartzean, beldurtu egin zen eta, hondoratzen hasi zenez, oihukatu zuen: «Jauna, salba nazazu!». 31  Jesusek berehala eskua luzatuz, Pedrori eutsi eta esan zion: «Fede gutxiko gizona, zergatik hasi zara zalantzan?». 32  Txalupara igo zirenean, haizea baretu egin zen. 33  Orduan, txalupan zeudenak bere aurrean makurtu ziren*, esanez: «Jainkoaren Semea zara benetan». 34  Azkenean, itsasoa zeharkatzen bukatu zuten, eta Genesaret lurraldera iritsi ziren. 35  Inguru hartako gizonek, ezagutu zutenean, Jesus etorri zela zabaldu zuten lurralde osoan zehar. Orduan, jendeak gaixorik zeuden guztiak ekarri zizkion. 36  Bere jantziaren ertza behintzat ukitzen uzteko erregutzen zioten, eta ukitzen zuten denak guztiz sendatzen ziren.

Oharra

Hau da, Herodes Antipas. Ikusi Glosarioa.
Lit. «tetrarka». Erromako enperadorearen ordezkaria zen eremuko printzea.
Lit. «altxatu».
Edo «azpil; erretilu».
Edo «bedeinkapen bat esan».
Edo «estadio askotara». Estadio bat 185 metroren parekoa zen.
Lit. «laugarren gaualdian». Jesusen garaian, goizeko 3:00retatik egunsentira arteko denbora tartea zen.
Edo «agerpen».
Edo «omendu zuten».