Mateo 27:1-66

  • Jesus Pilatoren esku utzia (1, 2)

  • Judasek bere burua urkatu (3-10)

  • Jesus Pilatoren aurrean (11-26)

  • Jesusi burla egin zioten jendaurrean (27-31)

  • Golgotan zutoin batean iltzatua (32-44)

  • Jesusen heriotza (45-56)

  • Jesusen hilobiratzea (57-61)

  • Soldaduak hilobia zaintzen (62-66)

27  Goiza iristean, apaizburu eta herriko adindun guztiak Jesus nola hil erabakitzeko bildu ziren. 2  Jesusi eskuak lotu ondoren, Pilato gobernariarengana eraman eta bere esku utzi zuten. 3  Orduan, traizionatu zuenak, Judasek, Jesus kondenatu zutela ikustean, egindakoagatik ezinegona sentitu zuen, eta zilarrezko 30 txanponak apaizburu eta adindunei bueltatzera joan zen. 4  Esan zien: «Bekatu egin dut odol errugabea traizionatzean». Erantzun zioten: «Eta guri zer? Hor konpon*!». 5  Beraz, Judasek zilarrezko txanponak tenpluan jaurti eta alde egin zuen. Gero, bere burua urkatu* zuen. 6  Baina apaizburuek zilarrezko txanponak hartuta esan zuten: «Ez dago baimenduta diru hau altxortegi sakratura eramatea, odolez zikinduta dago eta». 7  Beraien artean hitz egin eta gero, diru horrekin buztinlariaren soroa erosi zuten bertan kanpotarrak hilobiratzeko. 8  Horregatik, gaur arte Odol Soro deitzen diote soro horri. 9  Horrela, Jeremias profetaren bidez esandakoa bete zen: «Eta zilarrezko 30 txanponak hartu zituzten, gizonari jarritako prezioa, israeldar batzuek jarri zioten prezioa. 10  Eta horrekin buztinlariaren soroa erosi zuten Jehobak agindu zidan bezala». 11  Jesus gobernariaren aurrean zegoen, eta honek galdetu zion: «Zu al zara juduen erregea?». Jesusek erantzun: «Zuk zeuk esan duzu». 12  Baina apaizburuen eta adindunen akusazioak entzutean, Jesusek ez zien ezer erantzun. 13  Orduan, Pilatok galdetu zion: «Ez al duzu entzuten zenbat gauza esaten ari diren zure kontra?». 14  Baina Jesusek ez zion hitzik ere erantzun, eta gobernaria asko harritu zen. 15  Pazko jai bakoitzean, gobernariak preso bat askatzeko ohitura zuen, jendeak aukeratzen zuena. 16  Garai hartan, Barrabas izeneko preso famatu bat zegoen. 17  Beraz, Pilatok han bildutako jendeari galdetu zion: «Nor nahi duzue askatzea, Barrabas ala Jesus, Kristo delakoa?». 18  Izan ere, Pilatok bazekien inbidiagatik entregatu* zutela. 19  Gainera, epaitegian eserita zegoela, emazteak mezu hau bidali zion: «Utzi bakean gizon zintzo hau. Gaur gauean, berarekin egin dut amets eta asko sufritu dut». 20  Baina apaizburuek eta adindunek jendea berotu zuten, Barrabas askatzeko eta Jesus hiltzeko eskatu zezan. 21  Gobernariak berriro galdetu zien: «Bietako zein nahi duzue askatzea?». Esan zioten: «Barrabas!». 22  Pilatok, berriz: «Orduan, zer egin behar dut Jesusekin, Kristo delako honekin?». Denek erantzun zuten: «Zutoinean hil!». 23  Eta Pilatok: «Zergatik? Zer egin du gaizki?». Eta haiek gero eta ozenago oihukatzen zuten: «Zutoinean hil!». 24  Ezer lortzen ez zuela konturatzean eta iskanbila sortzen ari zela ikustean, Pilatok denen aurrean eskuak uretan garbitu eta esan zuen: «Ez naiz gizon honen heriotzaren* erruduna. Zuek ikusi». 25  Orduan herri osoak erantzun zuen: «Gure eta gure seme-alabena da bere heriotzaren erantzukizuna*». 26  Orduan, Barrabas askatu zien, baina Jesus zigortzeko* agindu eta zutoinean hiltzeko entregatu* zuen. 27  Orduan, gobernariaren soldaduek gobernariaren jauregira eraman zuten Jesus, eta bere inguruan tropa osoa bildu zuten. 28  Arropa kendu eta eskarlata koloreko mantu bat jarri zioten. 29  Arantzaz egindako koroa jarri zioten buruan eta kanabera bat eskuineko eskuan. Eta burla eginez, bere aurrean belaunikatzen ziren, esanez: «Gora juduen erregea!». 30  Orduan, txistua bota* eta kanabera kendu zioten, eta honekin buruan jotzen zuten. 31  Azkenik, burla egiteari utzi ziotenean, zeraman mantua kendu eta bere arropa jantzi zioten, eta zutoinean iltzatzeko eraman zuten. 32  Handik ateratzean, Simon izena zuen Zireneko gizon batekin egin zuten topo, eta tortura zutoina* eramatera behartu zuten. 33  Eta Golgota izeneko tokira iritsi zirenean (hau da, Buru Hezur tokia), 34  behazunez* nahastutako ardoa eman zioten edateko. Baina, dastatu ondoren, ez zuen edan nahi izan. 35  Zutoinean iltzatu eta gero, zotzetara jokatuz, bere arropak banatu zituzten, 36  eta han eseri ziren guardia egiteko. 37  Gainera, buruaren gainaldean kondenaren arrazoia jarri zuten idatzita: «Hau Jesus da, juduen erregea». 38  Orduan, bi lapur jarri zituzten zutoinetan bere ondoan, bata eskuinean eta bestea ezkerrean. 39  Eta handik pasatzen zirenek iraindu egiten zuten burua astinduz 40  eta esanez: «Zu, tenplua behera bota eta hiru egunetan eraikiko zuena, salbatu zeure burua! Jainkoaren Semea bazara, jaitsi tortura zutoinetik*!». 41  Apaizburuak ere, lege maisu eta adindunekin batera, Jesus barregarri uzten hasi ziren, esanez: 42  «Besteak bai, baina bere burua ezin salbatu! Israelgo erregea omen da. Jaitsi dadila orain tortura zutoinetik*, eta orduan sinetsiko dugu berarengan. 43  Jainkoarengan jarri du konfiantza. Jainkoak lagundu nahi badio, salba dezala. Ez al du esan “Jainkoaren Semea naiz”?». 44  Bere ondoan zutoinetan zeuden lapurrek ere iraindu egiten zuten. 45  Eguerdiko hamabietatik hiruretara*, lurralde osoa ilunpetan geratu zen. 46  Hirurak aldera, Jesusek ozen oihukatu zuen: «Eli, Eli, lama sabaktani?», hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?». 47  Hori entzutean, han zeuden batzuek esan zuten: «Gizon hau Eliasi deika ari da». 48  Eta berehala, haietako batek korrika esponja bat hartu, ardo garratzetan busti eta kanabera baten muturrean jarriz, edateko eman zion. 49  Baina besteek esan zioten: «Utzi! Ea Elias etortzen zaion salbatzera». 50  Orduan Jesusek berriro ozen oihu egin eta azken arnasa eman* zuen. 51  Eta hara!, santutegiko gortina bitan urratu zen, goitik behera, eta lurrikara izan zen eta harkaitzak zartatu egin ziren. 52  Hilobiak* ireki ziren eta heriotzean lo zeuden santu* askoren gorpuak altxatu* ziren, 53  eta jende askok ikusi zituen. (Jesus berpiztua* izan ondoren, pertsona batzuk hilobien artetik etorri eta hiri santuan sartu ziren*). 54  Baina armadako ofiziala eta, berarekin batera, Jesus zaintzen ari zirenak lurrikara eta gertatutako guztia ikustean, zeharo beldurtu ziren, eta esan zuten: «Argi dago Jainkoaren Semea zela». 55  Emakume asko zegoen han, urrutitik begira. Galileatik atera zenetik Jesusekin batera ibiltzen ziren bera zerbitzatzeko. 56  Hauen artean zeuden Magdalako Maria, Maria —Santiagoren eta Josesen ama—, eta Zebedeoren semeen ama. 57  Arratsaldeko azken orduan, Arimateako gizon aberats bat etorri zen; Jose izena zuen, eta ordurako Jesusen dizipulu zen. 58  Gizon hau Pilatoren aurrean aurkeztu zen eta Jesusen gorpua eskatu zuen. Pilatok, orduan, emateko agindu zuen. 59  Josek gorpua hartu eta kalitate oneko lihozko oihal garbi batean bildu zuen. 60  Eta harkaitzean zulatutako bere hilobi* berrian jarri zuen. Gero, harri handi bat biraka eraman zuen eta hilobiaren sarreran jarri ondoren, joan egin zen. 61  Baina Magdalako Maria eta beste Maria han geratu ziren, hilobiaren aurrean eserita. 62  Gauza hauek Larunbataren Prestaketa Egunean* gertatu ziren. Hurrengo egunean, apaizburuak eta fariseuak Pilatoren aurrean elkartu ziren, 63  eta esan zioten: «Jauna, gogoan dugu, bizirik zegoela, iruzurti horrek nola esan zuen: “Hiru egun ondoren berpiztua* izango naiz”. 64  Beraz, agindu zure soldaduei hirugarren eguna arte hilobia zaintzeko, bere dizipuluak etorri eta gorpua lapurtu ez dezaten, eta gero herriari esan: “Hildakoen artetik berpiztua* izan da!”. Engainu hori lehenengoa baino okerragoa izango litzateke». 65  Pilatok esan zien: «Hartu eta eraman soldadu talde bat. Zoazte eta zaindu hilobia ahal duzuen hoberen». 66  Beraz, joan ziren eta, harria zigilatuz eta soldaduak guardia egiteko jarriz, hilobia segurtatu zuten.

Oharra

Edo «Hori zure arazoa da!».
Edo «zintzilikatu».
Edo «bere eskuetan utzi».
Lit. «odolaren».
Lit. «Bere odola gure eta gure seme-alaben gain egon dadila».
Edo «zigorrez jotzeko; azotatzeko».
Edo «soldaduen esku utzi».
Edo «listua bota; tu egin».
Likido mingots bat adierazi dezake.
Lit. «seigarren ordutik bederatzigarrenera», hau da, gutxi gora behera 12:00etatik 15:00etara.
Lit. «oihu eginez espiritua joaten utzi».
Edo «Oroitzapen hilobiak».
Hau da, Jainkoaren zerbitzariak.
Edo «begi bistan geratu».
Lit. «altxatua».
Dirudienez, ikusi zutena kontatzeko.
Edo «oroitzapen hilobi».
Ikusi Glosarioa, Prestaketa Eguna.
Lit. «altxatua».
Lit. «altxatua».