Mateo 8:1-34

  • Jesusek lepradun bat sendatu (1-4)

  • Armadako ofizial baten fedea (5-13)

  • Jesusek gaixo asko sendatzen ditu Kapernaumen (14-17)

  • Jesusi nola jarraitu (18-22)

  • Jesusek ekaitza baretu (23-27)

  • Jesusek deabruak txerri-talde batera bidali (28-34)

8  Menditik jaitsi zenean, jende askok jarraitu zion. 2  Orduan, lepradun bat hurbildu eta, bere aurrean makurtuz*, esan zion: «Jauna, badakit nahi baduzu sendatu* nazakezula». 3  Orduan, Jesusek eskua luzatuz ukitu egin zuen, eta esan zion: «Nahi dut! Sendatu zaitez». Une hartan bertan, lepra desagertu zitzaion. 4  Ondoren, Jesusek esan zion: «Kontuz, ez kontatu inori. Hala ere, zoaz eta aurkeztu apaizaren aurrean, eta eskaini Moisesek agindutako oparia. Horrela, sendatu zarela jakingo dute». 5  Kapernaumen sartu zenean, armadako ofizial* bat hurbildu zitzaion eta laguntzeko erregutu zion, 6  esanez: «Jauna, nire zerbitzaria elbarrituta dago, etxean etzanda, eta izugarri sufritzen ari da». 7  Jesusek esan zion: «Hara iristean sendatuko dut». 8  Armadako ofizialak erantzun zion: «Jauna, ez dut merezi zu nire etxean sartzerik; aski duzu hitz bakarra esatea, eta nire zerbitzaria sendatu egingo da. 9  Zeren nik ere aginduak obeditzen ditut, eta nire soldaduei aginduak ematen dizkiet. Eta bati esaten diot: “zoaz!”, eta joan egiten da. Eta besteari: “zatoz!”, eta etorri egiten da. Eta nire morroiari: “egin hau!”, eta hala egiten du». 10  Hori entzutean, Jesus harrituta geratu zen, eta jarraitzen ziotenei esan zien: «Benetan esaten dizuet: ez dut Israel osoan halako fede handia duen inor aurkitu. 11  Horregatik, esaten dizuet ekialdetik eta mendebaldetik asko etorriko direla, eta Abraham, Isaak eta Jakobekin mahaian eseriko* direla zeruko Erreinuan. 12  Erreinuko seme-alabak, berriz, kanpora, ilunpetara jaurtiak izango dira. Han bai egingo dutela negar eta hortz karraska». 13  Orduan, Jesusek armadako ofizialari esan zion: «Itzuli etxera. Fedea erakutsi duzunez, bete dadila eskatu duzuna». Eta momentu hartantxe zerbitzaria sendatu egin zen. 14  Jesusek, Pedroren etxean sartu zenean, haren emaztearen ama ohean ikusi zuen sukarrak jota. 15  Orduan, eskua ukitu zion eta sukarra desagertu egin zitzaion. Berehala, emakumea altxatu eta zerbitzatzen hasi zitzaion. 16  Ilunabarrean, deabruen menpe zeuden asko ekarri zizkioten, eta Jesusek agindu sinple batez espirituak bota zituen. Sufritzen ari ziren guztiak ere sendatu zituen. 17  Hau Isaias profetaren bidez esandakoa betetzeko gertatu zen: «Bera izan zen gure gaixotasunak hartu eta gure minak eraman zituena». 18  Jendetzak inguratzen zuela ikusi zuenean, Jesusek itsasoaren beste aldera pasatzeko agindua eman zuen. 19  Orduan, lege maisu bat hurbildu eta esan zion: «Maisu, joaten zaren edozein tokitara jarraituko dizut». 20  Baina Jesusek esan zion: «Azeriek gordelekuak dituzte eta zeruko hegaztiek kabiak. Baina Gizonaren Semeak* ez du etxe propiorik*». 21  Gero, dizipuluetako batek esan zion: «Jauna, utzidazu lehenik aita lurperatzera joaten». 22  Jesusek berriz: «Jarraitu beti niri. Utzi hildakoei beraien hildakoak lurperatzen». 23  Jesus txalupara igo zenean, dizipuluek jarraitu egin zioten. 24  Bat-batean, sekulako ekaitza altxatu zen eta olatuak txalupa urez betetzen hasi ziren. Baina Jesus lo zegoen. 25  Orduan, dizipuluek esnatu egin zuten, esanez: «Salba gaitzazu Jauna, hiltzera goaz!». 26  Baina Jesusek esan zien: «Fede gutxiko gizonak, zergatik hainbesteko beldurra?». Une hartan, Jesus altxatu eta haizeari eta itsasoari gelditzeko agindu zien, eta dena bare-bare geratu zen. 27  Dizipuluek, harrituta, esan zuten: «Ze gizon mota da hau? Haizeak eta itsasoak ere obeditzen diote!». 28  Beste aldera, gadaratarren lurraldera iritsi zenean, hilobi* artetik deabruen menpe zeuden bi gizon atera ziren bidera. Ikaragarri basatiak ziren eta, horregatik, inor ez zen bide hartatik pasatzera ausartzen. 29  Eta bat-batean oihuka hasi ziren: «Zer nahi duzu gugandik, Jainkoaren Seme? Jarritako eguna baino lehen gu zigortzera etorri al zara?». 30  Handik ez oso urrutira, txerri-talde handi bat jaten ari zen. 31  Beraz, deabruak Jesusi erreguka hasi ziren, esanez: «Botatzen bagaituzu, bidali txerri-taldera». 32  Eta Jesusek esan zien: «Zoazte!». Une hartan, gizon haiengandik atera, eta txerrietan sartu ziren. Eta hara!, txerri-talde osoa amildegitik behera erori eta itsasoan ito zen. 33  Baina txerri zaintzaileek ihes egin zuten eta hirian sartu zirenean, den-dena kontatu zuten, baita deabruen menpe zeuden bi gizonekin gertatutakoa ere. 34  Orduan, hiri osoa Jesusen bila atera zen eta, aurkitu zutenean, beraien lurraldetik alde egiteko eskatu zioten.

Oharra

Edo «omenaldia eginez».
Edo «garbi egin».
Edo «zenturioi», hau da, erromatar armadan 100 soldaduren kargu zegoen ofiziala.
Lit. «mahai aldera etzango».
Lit. «ez du burua non etzan».
Edo «oroitzapen hilobi».