Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

6. ATALA

Kide berria familian!

Kide berria familian!

«Seme-alabak dituzu Jaunaren ondare» (127. Salmoa 3)

Haurtxo baten jaiotza gurasoentzat hunkigarria izan ohi da, baina era berean, itogarria ere izan daiteke. Guraso berriak zaretenez, agian harrituko zaituzte zuen denbora eta indar gehienak zuen haurtxoaren zainketak agortzen dituela ikusteak. Lo egiteko beharrak eta emozio aldaketek zuen arteko harremana zaildu dezakete. Beraz, biok, zuk eta zure ezkontideak aldaketak egin beharko dituzue zuen haurtxoa zaindu eta, era berean, zuen ezkon-bizitza babestearren. Nola lagunduko zaituzte biblia-aholkuek erronka honi aurre egiten?

1 ULERTU HAURTXOAK ZURE BIZITZA ALDATZEN DUELA

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Maitasuna eraman onekoa eta bihozbera da; [... ] ez berekoia, ez haserrekorra» (1 Korintoarrei 13:4, 5). Ama berria zarenez, berezkoa duzu zure haurtxoarengan arreta guztia jartzea. Baina, zure senarra baztertua sentitu daiteke, beraz, ez ahaztu berak ere zure arreta behar duela. Azaldu iezaiozu pazientzia eta goxotasunez, zuk eta zuen haurtxoak bere beharra duzuela. Lagundu iezaiozu haurtxoaren zainketaren parte izaten.

«Zuek, senarrok, jabe zaitezte emakumea izatez bigunagoa dela, eta erakutsi dagokion errespetua elkar bizitzan» (1 Pedro 3:7). Uler ezazu zure emazteak indar gehienak zuen haurtxoa zaintzen eman behar dituela. Berak betebehar berriak ditu eta urduri, nekaturik edota gogogabeturik egon daiteke. Batzuetan, bera zurekin haserretu ere egin daiteke, baina lasai egoten saiatu pazientzia edo «eroapen handikoak zentzu ona ugari [baitu], haserrekorrak zentzugabekeria nabari». Beraz, erakutsi ezazu zentzuduna zarela eta behar duen laguntza eman iezaiozu (Esaera Zaharrak 14:29).

SAIATU HONAKOA EGITEN:

  • Aita: Lagundu zeure emazteari haurtxoa zaintzen, baita gauean ere. Beste ekintzetan igarotzen duzun denbora mugatu ezazu, zure emazte eta haurtxoarekin denbora gehiago igarotzearren

  • Ama: Zure senarra haurtxoa zaintzeko eskaintzen zaizunean, bere laguntza onartu ezazu. Zeregina ez badu oso ondo ere egiten, ez ezazu kritikatu. Honen ordez, erakutsi iezaiozu goxotasunez nola egin dezakeen

2 SENDOTU ZUEN HARREMANA

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Bat bera izango dira» (Hasiera 2:24). Zure familian kide berri bat izan arren, gogoratu zu eta zure bikotea oraindik ere «bat bera» zaretela. Zuen arteko harremana indartsua mantentzeko biziki ahalegindu zaitezte.

Emazte, eskertu iezaiozu zure senarrari ematen dizun laguntza eta babesa. Izan ere, zure estimua erakustea «osasunbidea» izan daiteke (Esaera Zaharrak 12:18). Senar, esan iezaiozu zure emazteari anitz maite duzula eta zuretzako guztiz baliotsua dela. Familiaz arduratzen den moduagatik ere goraipatu ezazu (Esaera Zaharrak 31:10, 28).

«Ez bedi inor bere buruaren onaren bila ibil, besterenaren bila baizik» (1 Korintoarrei 10:24). Zure bikotearentzat onena dena egin ezazu beti. Bikote zaretenez, denbora eman ezazue hitz egiten, elkarri entzuten eta ongi egindakoa goraipatzen. Sexu-harremanei dagokienez, ez zaitezte izan berekoiak eta bikotearen beharrak beti gogoan izan itzazue. Izan ere, Bibliak honakoa dio: «Ez ukatu elkarri zor diozuena, elkarrekin ados eta aldi labur baterako ez bada» (1 Korintoarrei 7:3-5). Gai honi buruz hitz egin ezazue zintzo bion artean. Pazientziak eta ulermenak zuen arteko harremana sendotuko dute.

SAIATU HONAKOA EGITEN:

  • Ez ahaztu elkarrekin bakarrik egoteko denbora hartzea

  • Zure bikoteak maite duzula sentitzeko, egin itzazu gauza txikiak, esaterako, mezu bat bidali edota opari txiki bat eman

3 HEZI HASIERA-HASIERATIK ZUEN HAURTXOA

BIBLIAK ESATEN DUENA: «Liburu Santuak umetandik ezagunak dituzu[... ]. Liburu Santuek emango dizute [... ] salbamenera daraman jakinduria» (2 Timoteori 3:15). Zuen haurtxoari irakasteko zer egingo duzuenaren plangintza egin ezazue. Jaio aurretik, ikasteko gaitasun harrigarria du. Izan ere, umetokian dagoela, zuen haurtxoak zuen ahotsak ezagutu ditzake. Gainera, amaren emozioek berarengan eragina izan dezakete. Hortaz, txiki-txikitatik irakurri iezaiozue. Nahiz eta haurtxoak irakurtzen ari zaretena ez ulertu, handitzen denean irakurtzeko zaletasuna izaten lagunduko dio.

Zuen haurtxoa ez da inoiz txikiegia Jainkoari buruz hitz egin diezaiozuen. Otoitz egiozue Jehobari berarekin batera (Deuteronomioa 11:19). Elkarrekin jolasten ari zaretenean ere, Jainkoak egin dituen gauzei buruz hitz egin iezaiozue (78. Salmoa 3, 4). Honela, hazten doan heinean, Jehobari diozuen maitasuna sentituko du eta berak ere maitatuko du.

SAIATU HONAKOA EGITEN:

  • Otoitzean zehazki eskatu zure haurtxoa hezteko jakinduria

  • Errepikatu hitz eta ideia garrantzitsuak, zure haurtxoak lehenbailehen ikasi ditzan