Nola bizi diru gutxiagorekin
Behartuta al zaude diru gutxiagorekin bizitzera krisi ekonomiko baten ondorioz? Pandemiek, hondamendi naturalek, gatazka politikoek eta gerrek ekonomia oso azkar desorekatu dezakete. Diru sarrerak bapatean galtzeak estresa eragin dezake. Baina Bibliako aholku praktikoek diru gutxiagorekin bizitzen lagundu gaitzakete.
1. Zure egoera berria onartu.
Biblia printzipioa: «Badakit eskasian nahiz ugaritasunean bizitzen» (Filipoarrei 4:12).
Nahiz eta lehen baino diru gutxiago izan, zure egoera ekonomiko berrira egokitzen ikasi dezakezu. Zure egoera berria lehenbailehen onartu, eta honetara egokitzen bazara, zuk eta zure familiak egoera honi hobeto egingo diozue aurre.
Informatu zaitez gobernuek edo beste erakunde batzuek eskaintzen dituzten diru laguntzei buruz. Diru laguntza hauek lehenbailehen eskatu, askotan, laguntza hauek eskatzeko denbora mugatua dagoelako.
2. Familian talde lanean aritu.
Biblia printzipioa: «Plangintzarik gabe egitasmoek porrot, askoren aholkuez arrakasta» (Esaera Zaharrak 15:22).
Hitz egin egoerari buruz zure ezkontide eta seme-alabekin. Komunikazio onari esker, familiak egoera ulertuko du eta aldaketak egiteko prest egongo da. Familia osoa aurrezten eta gehiegi ez gastatzen saiatzen bada, diruari etekin gehiago aterako dio.
3. Aurrekontu bat prestatu.
Biblia printzipioa: «Eseri eta gastuen kontuak atera» (Lukas 14:28).
Diru gutxiagorekin bizitzera behartuta zaudenean, askoz ere garrantzitsuagoa da zure dirua zehatz-mehatz zertan gastatzen duzun jakitea. Lehenik, aurrekontu bat prestatu orain dituzun diru sarreretan oinarrituta. Ondoren, hilabeteko gastuen eta erosteko ohitura duzun gauzen zerrenda bat egin. Hilabeteko gastuen artean, larrialdietarako edo ezustekoetarako diru kopuru bat gehitzen saiatu.
Aholkua: Zure gastuen jarraipena egitean, ez ahaztu gastu txikiak ere kontuan hartzeaz. Gauza txikitan zenbat gastatzen duzun ikusteak harritu zaitzake. Adibidez, gizon batek bere gastuen zerrenda ikusi eta gero, txikletan urtero ehunka dolar gastatzen zituela konturatu zen!
4. Erabaki zein gastu diren garrantzitsuenak eta aldaketak egin.
Biblia printzipioa: «Garrantzitsuenak diren gauzez ziurtatu» (Filipoarrei 1:10, NWT).
Konparatu itzazu zure diru sarrerak eta gastuak, eta identifikatu zer gastu ezabatu edo murriztu ditzakezun. Aztertu hurrengo gastu motak:
Garraioa. Kotxe bat baino gehiago baduzu, bat saldu al dezakezu? Kotxe garesti bat baldin baduzu, merkeagoa den batengatik aldatu al dezakezu? Kotxea saldu al dezakezu eta garraio publikoa eta bizikletarekin moldatu?
Entretenimendua. Ordaindu behar diren kable, satelite edo internet bidezko telebista edo entretenimendu zerbitzuak erabiltzen badituzu, utzi al ditzakezu denbora batez behintzat? Aurkitu al dezakezu aukera merkeagorik? Adibidez, liburutegi batzuetan pelikulak, liburu elektronikoak eta audio liburuak alokatu daitezke dohainik.
Oinarrizko zerbitzuak. Ura, argia eta erregaiaren gastua murrizteko moduak aztertu familiarekin. Argiak itzaltzea eta dutxan denbora gutxiago pasatzea txikikeriak badirudite ere, dirua aurrezten lagundu dezakete.
Janaria. Kanpoan jan beharrean, etxean sukaldatzen saiatu. Astean zehar jango duzuna aldez aurretik antolatu, eta ahal denean, egun bat baino gehiagorako sukaldatu eta soberakinak aprobetxatu. Erosketa handiak egiten saiatu. Erostera joan aurretik zerrenda bat prestatu, behar ez dituzun gauzak ez erosteko. Zabor jana saihestu eta garaiko janari freskoa erosi, normalean merkeagoa izaten baita. Barazki batzuk landatzeko aukerarik izango al zenuke?
Arropa. Arropa erosi hondatzen zaizunean bakarrik, eta ez modan egoteagatik. Beherapenetara itxaron, edo bigarren eskuko dendetan egoera onean dagoen arropa erosi. Aukerarik baduzu, arropa eguzkitan lehortu, horrela ez duzu lehorgailurik erabili beharko.
Beste erosketa batzuk. Zerbait erosi aurretik, galdetu zeure buruari: «Ordaindu al dezaket? Benetan behar al dut?». Denbora gehiago iraun al dezakezu dituzun etxetresna elektriko, gailu elektroniko edo ibilgailua aldatu gabe? Bestalde, saldu al ditzakezu behar ez dituzun edo erabiliko ez dituzun gauzak? Hau egiteak gastuak murrizten lagunduko dizu, eta agian, dirutxo bat lortuko duzu.
Aholkua: Zure diru sarrerak bapatean murrizten badira, aukera ona izan daiteke garestiak eta kaltegarriak diren ohiturak uzteko, esaterako, erretzea, jokoan aritzea edo alkoholaz abusatzea. Aldaketa hauek egiteak zure egoera ekonomikoa hobetzeaz gain, zure bizitza ere hobetuko du.
5. Gauza espiritualei arreta jarri.
Biblia printzipioa: «Zorionekoak dira euren behar espiritualaz jabetzen direnak» (Mateo 5:3, NWT).
Bibliak hurrengo aholku orekatsua ematen digu: «Zuhurtzia babesa da, dirua babesa den bezala. Baina ezagueraren abantaila hau da: zuhurtziak bere jabea bizirik mantentzen du» (Kohelet 7:12, NWT). Zuhurtzia hori Biblian aurkitu dezakegu. Pertsona askok Bibliako aholku hauek praktikan jartzeari esker, ekonomia arazoek sortutako antsietateari aurre egitea lortu dute (Mateo 6:31, 32).